Ekonomia -
Zorra
Fitchek hiru koska jaitsi du Espainiaren kalifikazioa, BBB arte
Bestalde, Fitchek bi aukera ikusten ditu Espainiako banketxeentzat: lehenengoan 50.000 eta 60.000 milioi euroko kapital beharra aurreikusten du, eta bigarrenean 100.000 milioikoa.
Erredakzioa
Fitch kredituen kalifikaziorako agentziak Espainiako zorraren kalifikazioa jaitsi du hiru koska, BBB arte, eta aurreikuspen negatiborekin.
Agentziak azaldu duenez, banketxeen berregituraketaren kostuarengatik, zor publikoaren gorakadagatik, atzeraldiarengatik, eta Greziako krisia kutsatzeko arriskuagatik jaitsi du kalifikazioa.
100.000 milioi banketxeentzat
Gainera, Fitchek uste du Espainiako banketxeek 100.000 milioi euroko kapital premia izan dezaketela galerei aurre egiteko.
Agentziak bi aukera ikusten ditu: lehenengoan 50.000 eta 60.000 milioi euroko kapital beharra aurreikusten du, eta bigarrenean, Irlandan gertatutakoan oinarrituta, 100.000 milioikoa.
112.000 milioiko galerak Espainiako banku-sisteman
Standard & Poor's agentziaren arabera, Espainiako banku-sistemak 80.000 eta 112.000 milioi euro arteko galerak izan ditzake aurten eta datorren urtean, kredituen arloan.
S&P agentziak jakitera eman duenez, Espainiako banku-sistemak 60.000 milioi euroko galerak bakarrik jasan ditzake. Horren aurrean, Gobernuaren ''edo Europar Batasunaren'' eskuhartzea beharrezkoa izango liteke, agentziaren ustez.
Espainiako bankuen erreskatearen aukera behin baino gehiagotan aipatu da azken egunotan, eta erreskate horri zenbatekoa ere jarri diote hainbat iturrik: 40.000 eta 80.000 milio arteko laguntza.