Ekonomia -

Datu ekonomikoak

EAEko langabezia-tasa % 7,9ra jaitsi da hirugarren hiruhilekoan

Gainera, pertsona landunak 4.100 gehiago dira. Azken urteko datuei erreparatuta, 19.600 landun gehiago izan dira, eta 9.500 langabetu gutxiago, Eustaten datuen arabera.

Bi langile. Artxiboko argazkia: EITB Media.
Bi langile
Bi langile. Artxiboko argazkia: EITB Media.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia-tasa % 7,9ra jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hirugarren hiruhilekoan, 2022ko bigarren hiruhilekoan baino ehuneko 6 hamarren gutxiago. Azken urtean, langabezia-tasa 2021eko hirugarren hiruhilekoko % 8,8tik 2022ko hirugarren hiruhilekoko % 7,9ra jaitsi da, ehuneko 0,9 puntu gutxiago.

Langabeen kopurua 82.400 dela zenbatetsi da hiruhileko honetan, eta okupatuen kopurua 967.200 da, 2022ko bigarren hiruhilekoan baino % 0,4 gehiago. Azken urtean, 19.600 landun gehiago izan dira, eta 9.500 langabe gutxiago.

EAEko lan-merkatuaren 2022ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, aurreko hiruhilekoan baino 4.100 landun gehiago eta 6.800 langabe gutxiago daude, Eustaten datuen arabera.

Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,2koa da hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino bi hamarren gutxiago.

Lurraldez lurralde aztertuta, aurreko hiruhilekoaren aldean, Bizkaian, okupazioa 4.800 pertsonatan igo da; Gipuzkoan, 200 pertsonatan eta Araban, 800 pertsonatan. Hiriburuei dagokienez, Bilbon, okupazioa 5.000 pertsonatan igo da; Donostian, aldiz, 300 pertsonatan jaitsi da eta Gasteizen 1.200 pertsonatan.

Okupazioaren hazkunderik handiena gizonen artean gertatu da (+2.100), eta emakumeen artean, igoera 2.000koa izan da. Nazionalitateari dagokionez, atzerriko nazionalitatea duten okupatuak 4.700 gehiago izan dira (% +5,8); Espainiako nazionalitatea dutenak, berriz, 500 gutxiago izan dira (% -0,1).

Okupazioak gora egin du sektore guztietan

Euskadiko biztanleria landuna 1.800 pertsonatan handitu da lehen sektorean (% +24,3); 900 pertsonatan, industrian (% +0,5); 800 pertsonatan, zerbitzuetan (% +0,1) eta 700 pertsonatan, eraikuntzan (% +1,2).

Okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, % 0,2 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 69,9koa izan da. Tasa hori % 73,3koa da gizonen artean, eta % 66,6koa, emakumeen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak