Ekonomia -
LAN GATAZKA
Hiru eguneko greba deitu dute Nafarroako zaharren egoitzetan
Urriaren 24tik 26ra deitu dute lanuztea ELAk, LABek eta UGTk. Nafarroarako hitzarmen propio bat nahi dute, Estatukoa ordezkatuko duena.
EITB MEDIA
Hiru eguneko greba —urriaren 24tik 26ra— deitu dute Nafarroako zahar etxeetan ELA, UGT eta LAB sindikatuek, lan hitzarmenaren "negoziazioen blokeoa" salatzeko. Espainiako hitzarmenaren pean daude egun egoitzetako langileak, eta hori ordezkatuko lukeen berri bat nahi dute, Nafarroako egoerara egokitutakoa.
Iruñean egin duten agerraldian, Susana Laya ELA sindikatuko ordezkariak, Aroa Celorrio UGTkoak eta Ana Rey LABekoak hitz egin dute hedabideen aurrean. Horien hitzetan, lan baldintza geroz eta gogorragoetan ari dira lanean, eta geroz eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea. Lanaldi luzeak eta lan erritmo eutsiezinak salatu dituzte, besteak beste.
Layak nabarmendu duenez, covid-19aren pandemiak agerian utzi du zaintzaren alorra "ezinbestekoa" dela gizartean, eta beraz, egiten duten lana aitortzea eskatu nahi dute grebaren bidez.
Nafarroarako lan-hitzarmena nahi dute, egun indarrean dituzten akordioak ordezkatuko dituena. Tartean, soldata igoera exijitzen dute, "bizi baldintza duinak izatea ahalbidetuko" diena.
Zentzu horretan, ELAko ordezkariak gogora ekarri du hitzarmen propioa lantzeko eskatu ziola Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari, baina azken horrek "ez du ezer egiten sektoreko bi patronal nagusienen (Ane eta Lares) eta langileen artean bitartekari lanak egiteko".
Agertoki horren aurrean, negoziazio mahaian % 83,6ko ordezkaritza duten ELA, UGT eta LAB sindikatuek mobilizazioei ekitea erabaki dute, Nafarroako egoitzetako langileentzako hitzarmen propioa beharrezkoa dela iritzita.