Ekonomia -
2022-2023rako aurreikuspenak
Jaurlaritzak aurreikuspen ekonomikoak berrikusiko ditu, 2023rakoak erdira murriztuta
Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak aurreratu zuenez, aurtengo estimazioari eutsiko zaio, baina 2023rako egindako kalkulua motelduko dute. Nolanahi ere, % 2tik gora egongo da.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak aurtengo zein datorren urteko aurreikuspen ekonomikoak berrikusiko ditu gaur. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak prentsaurrekoa du iragarrita, xehetasun guztien berri emateko.
Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko eztabaidan eta Azpiazuk berak Radio Euskadin iragarri bezala, exekutiboak 2022rako egindako aurreikuspenei eutsiko die. Hori horrela, EAEko ekonomia % 4tik gora haztea espero da —udaberrian % 4,5eko hazkundea aurreikusi zuen Jaurlaritzak—.
2023ari dagokionez, Azpiazuk nabarmendu zuen aurrez uste zena —% 4,1eko hazkundea— baino "baxuagoa" izango dela, "inguruko ekonomiak eragin zuzena baitu gugan". Halere, 2023ko hazkundea % 2aren gainetik egongo da, sailburuak azaldutakoaren arabera.
Bestalde, hainbat erkidegok zergak jaisteko egindako hautuen kontura, "zuhurtzia, lasaitasuna eta argitasuna" eskatu zituen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Aberatsenei ezarriko zaien zergaren kontura, Espainiako Gobernuari ohartarazpena egin zion Zupiriak. Izan ere, kontzertu ekonomikoari eragin behar badio, erakundeen arteko "akordioa" bilatu beharko da, horren ustez.