Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Europako Banku Zentralak berriro ere igoko ditu interes-tasak irailean, Niko Cuenca ekonomialariaren iritziz
Igoera hori 0,50 edo 0,75ekoa ere izan liteke. AEBko Erreserba Federalak 75 puntu igo ditu interes-tasak, inflazioaren igoera geldiaraztea helburu; Cuencak esan duenez, arriskua dago horrek atzeraldia ekartzeko: "Dolarra sendotzen du, eta gainerako dibisak ahuldu", ohartarazi du.
EITB MEDIA
Europako Banku Zentralak berriro ere igoko ditu interes-tasak irailean, 0,50 edo 0,75eko igoera batekin, Niko Cuenca ekonomialariaren iritziz. Euskadi Irratiko Faktoria saioan izandako elkarrizketa batean ostegun honetan gogorarazi duenez, Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak 0,75 igo ditu interes-tasak asteazkenean, inflazioaren igoera geldiaraztea helburu; ekonomialariaren esanetan, arriskua dago horrek atzeraldia ekartzeko: "Dolarra sendotzen du, eta gainerako dibisak ahuldu", ohartarazi du.
"1981etik ez da eman horrelako igoerarik", adierazi du Cuencak, Erreserba Federalaren erabakia hizpide, "Ronald Reagan presidente zenetik, eta garai hartan ere gerra batek eragin zuen". Orduan, igoerak atzeraldi ekonomikoa ekarri zuen "AEBn eta mundu osoan". Oraingoan, Cuencaren iritziz, eta kontuan izanik igoera handiagoa ere espero zutela hainbatek, "Erreserba Federalak zuhur jokatu du. AEBko lan-merkatuaren sendotasunean oinarritu da. Produkzioa eta gastua neurtzen dituzten adierazleak apaldu dira".
Cuencak argi du igoera gehiago izango direla, "eta Erreserba Federalak erabakitzen duenak mundu guztiari eragiten dio", zehaztu du. Dolarra ez diren gainerako dibisak ahultzeaz gain, igoera honek beste ondorio bat ekarriko du, haren esanetan: "Kanpo zorra handia duten herrialdeek, tartean herrialde txiroek, interes-tasa handiagoak ordaindu beharko dituzte. Dolarra sendotzen bada, arazo handiagoak izango dituzte".
Europari dagokionez, Europak inportatzen duen energia gehiena dolarretan ordaintzen duenez, Cuencak aurreikusten du Europako Banku Zentralak irailean interes-tasak igotzea, euroa sendotze aldera; igoera hori 0,50ekoa izan liteke, "eta 0,75 puntukoa ere bai", adierazi du.