Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Bilbon eta Basaurin AHTren geltokiak eraikitzeko proiektuak "laster" lizitatuko dituztela esan du Sanchezek
Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek egindako itunaren arabera, Basaurikoa behin-behineko geralekua izango da eta Abandon lurpeko geltokia eraiki arte egongo da martxan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du "laster" argitaratuko dituztela Bilbon eta Basaurin Abiadura Handiko Trenaren geltokiak eraikitzeko proiektuak aurkezteko deialdiak, datarik zehaztu ez badu ere.
Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek otsailean sinatu zuten itunaren arabera, Basaurikoa behin-behineko geralekua izango da eta Abandon lurpeko geltokia eraiki arte egongo da martxan.
Abiadura Handiko Trenaren Madril-Burgos ibilbidea estreinatu dute gaur eta inaugurazio bidaian hartu du parte Sanchezek, Felipe VI erregearekin eta Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo presidentearekin batera.
"Burgos ezinbesteko pasabidea da munduko garraiobiderik aurreratuena Euskadira eta Frantziara eramateko", adierazi du ekitaldian.
AHT hiri horretaraino iritsi izana "historikoa" dela iritzi dio eta erantsi du konexio horri lotutako gainerako ibilbideen proiektuak lizitatzeko agindua eman duela.
Horrez gain, Sanchezek azpimarratu du abiadura handiko trenbide gehien dituen herrialdea dela Europan, eta bigarrena munduan, Txinaren atzetik.