Ekonomia -
Akordioa, berretsita
Konpondu da Metro Bilbaoko lan gatazka, urte eta erdiren ostean
Langileek berretsi egin dute astelehenean sindikatuek eta zuzendaritzak lortutako akordioa.
Erredakzioa
Konpondu egin da Metro Bilbaoko lan gatazka, langileen protestak hasi eta urte eta erdira.
Astelehenean, sindikatuek eta zuzendaritzak akordioa lortu zuten, eta asteazken honetan langileek berretsi egin dute asanblean.
Azken lanuztea apirilaren 27an egin zuten. Orduantxe, bi aldeak Lan Harremanen Batzordearekin biltzen hasi ziren, konponbide bila.
Sindikatuak duela urte eta erdi hasi ziren protesta egiten, eta gatazka blokeatuta zegoela ikusita, Tomas Arrieta Lan Harremanen Batzordeko presidenteak esku hartu behar izan zuen. Azkenean, horrek fruituak eman ditu.
Gatazka luzea eta korapilatsua izan da, milaka erabiltzaileri eragin die, eta bi aldeak hedabideetan zein epaitegietan izan dira aurrez aurre.
Akordioa ostegun honetan sinatuko dute, Lan Harremanen Batzordeko egoitzan.
Asanbleetan, langileen % 86,5ek babestu dute ituna. Aurka % 7 baino ez dira agertu.
Akordioaren arabera, sindikatuak eta zuzendaritza hilabetean behin batzartuko dira, langileengan eragina izan lezaketen erabakiak hartzeko orduan konpainiak sindikatuen iritziak jakin ditzan.