Ekonomia -
Lan-gatazka
Greba eguna dute gaur Gasteizko Mercedes lantegian
4.700 langile daude grebara deituta lan hitzarmena berritzeko negoziazioaren blokeoaren aurrean. Enpresa inguruan, 11:00etan, egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute ELAk, LABek, ESK-k, CCOOk eta UGTk. Gainerako mobilizazioetan ez da batasunik izango.
Agentziak | EiTB Media
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko 4.700 beharginak asteazken honetan greba egitera deitu dituzte. Alde batetik, CCOOk eta UGTk deitu dute lanuztea, eta, bestetik, ELAk, LABek eta ESK-k, negoziazio kolektiboaren blokeoaren aurrean. Enpresa inguruan, 11:00etan, egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute sindikatu guztiek.
Hitzarmena negoziatzeko aurrerapausoen faltan egingo dute gaurko lanuztea. Azken bilera iragan ostiralean egin zuten aldeek, jarrerak hurbildu barik eta negoziatzeko data berririk gabe; izan ere, lanuzteak dauden bitartean batzar berririk ez deitzeko asmoa helarazi zien zuzendaritzak sindikatuei.
Hasiera batean, CCOOk eta UGTk deitu zuten asteazken honetako lanuztea; gainera, ekainaren 29an, beste greba egun bat erregistratu dute. Bestalde, ELA, LAB eta ESK-k ekainaren 27tik uztailaren 1era greba egitea planteatu zuten langileen asanbladan. Beharginek proposamena babestu zuten, baina, aldi berean, ekainaren 22ko deialdiarekin bat egitea proposatu zuten.
Azkenik, gutxienez asteazkeneko mobilizazioetako bat sindikatu guztiek babestuko dute, 11:00etako manifestazioa, hain zuzen ere, behargin guztiak bertan elkartzeko asmoz.
Hasiera batean, CCOOk eta UGTk deitu zuten manifestazioa, baina ELA, LAB eta ESK-k bat egitea erabaki dute, ELAko iturriek azaldu dutenez, langile guztien mobilizazio irudi bat erakutsi behar zelako.
Gainerako mobilizazio ekintzetan ez da batasunik izango. ELAk, LABek eta ESK-k pikete informatiboak deitu dituzte lan txanda bakoitzean, baita elkarretaratze bat 10:30ean enpresaren ate nagusian, eta elkarretaratze eta manifestazioa 18:30ean Andre Mari Zuriko plazan ere.
ELAk azaldu duenez, beste sindikatuei arratsaldeko mobilizazioarekin bat egitea eskatu diete, baina azkenean ez dira bertan izango.
ELAko iturriek enpresari langileen ordezkariekin biltzen jarraitzea eskatu diote, nahiz eta lanuzteak izan, akordio bat bilatu nahi baldin bada, "batzartzea ezinbestekoa delako".
Bestalde, CCOOk gogorarazi duenez, 11:00etako manifestazioaz gain, 18:00etan SEA patronaleko egoitzaren aurrean deitutako elkarretaratzean parte hartzea proposatu zieten gainerako sindikatuei, baina batasuna ez da posible izan. Hala ere, Ekintzak eta PIMek CCOOren eta UGTren mobilizazioekin bat egingo dute.
Egunean zehar pikete informatiboak izango direla zehaztu du CCOOk. Negoziazioan aurrerapausorik ez, "guztiz kontrakoa baizik", ematea deitoratu du sindikatuak. "Ziurtasunak, eta ez bakarrik konpromisoak", eskatu dizkiote zuzendaritzari, 18 hilabeteren ostean, "gaiak itxi" behar direlako.
Enpresa-batzordeak 1.200 milioi euroko inbertsio egitasmo proposamenari emandako erantzuna "guztiz ulergaitza" izan dela uste du Gasteizko Mercedes Benz lantegiko zuzendaritzak. Greba egutegia, asteazken honetarako deitutakoa barne, "ulertezina eta kaltegarria" da, esan duenez.