Ekonomia -
Nasdaq merkatuan, estreinakoz
Facebookek % 0,6ko igoerarekin bukatu du burtsako lehen eguna
Saioan zehar % 13 igotzera ere iritsi da. Guztira 16.000 milioi dolar bildu ditu, teknologia munduko enpresa batek Wall Streeten inoiz egin duen estreinaldirik onena.
Erredakzioa
Facebook sare soziala Nasdaq merkatuan kotizatzen hasi da ostiral honetan, eta % 0,6ko igoerarekin bukatu du burtsako lehen saioa. Egunean zehar % 13 igotzera ere iritsi da Mark Zuckerbergen enpresa.
Hasierako prezioa 38 dolarrean finkatu dute, jardunaldian zehar, prezio horrek gorabehera asko izan ditu: 43 dolarretara ere iritsi da akzioa, baina 38 dolarreko minimoak ere ukitu ditu sare sozialak. Eguna % 0,6ko igoerarekin bukatu du, eta, beraz, 38,23 dolarrean bukatuko dute akzioetako bakoitzak.
Guztira, 421,2 milioi akzio atera dituzte merkatura, eta, beraz, 16.000 milioi dolarreko irabaziak eskuratu dituzte akzioen salmentarekin.
Markak hausten
Teknologia munduko enpresa batek Wall Streeten inoiz egin duen estreinaldirik onena izan da Facebookena, Googlen aurretik (2004an irten zen burtsara Google, eta 1.900 milioi dolar eskuratu zituen). AEBetako burtsaren historiak izan dituen estreinaldi garrantzitsuenen artean hirugarrena da Facebook (aurretik ditu General Motors, 18.140 milioi dolarrekin; eta Visa, 19.650 milioi dolarrekin).
New Yorkeko kanpai ukitua, Kaliforniatik
Facebooken sortzaileak, Mark Zuckerbergek, sare sozialaren estreinaldia nagusitu du, negoziazioaren hasiera errepresentatzen duen kanpai ukituarekin.