Ekonomia -
Finantza erreforma aztergai
Ikuskaritza independientea azkartzea eskatu dio Europak Espainiari
Bankuak 'garbitzeko' Espainiak onartutako neurriak babestu ditu Eurotaldeak, baina Gobernuari 'suebakiak' eta segurtasun neurri ''sinesgarriak'' eskatu dizkio.
Erredakzioa
Bankuak 'garbitzeko' Espainiak onartutako neurriak babestu ditu Eurotaldeak, baina ikuskaritza independientea azkartzea eta 'suebakiak' eta segurtasun neurri sinesgarriak martxan jartzea eskatu dio Gobernuari. ''Egungo egoeran azkartasuna ezinbestekoa da'', esan du Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak.
De Guindosek bilera zailari aurre egin dio astelehen honetan Eurotaldean, Espainiaren finantza erreforma aztertu baitute Europako 17 ordezkarik ministroarekin. Eurotaldea kezkatua dago Espainiaren egoera ekonomiko kaskarragatik, defizitari aurre egiteko zailtasunengatik eta bankuen ahultasunagatik.
Bilera bukatuta, De Guindosek esan du euroguneak ''erabat'' babestu duela Espainiaren finantza erreforma. Ministroaren hitzetan, babes zabala aurkitu du Europako kideen artean, ''espero bezala''. ''Elkarrekin aurkitu behar ditugu irtenbideak egoera zail honetan'', esan du De Guindosek.
Espainiako Gobernuak ekonomia egonkortzeko "bere esku zegoen guztia" egin duela adierazi du Ekonomia ministroak, aurrekontuetan murrizketak eginez eta lan merkatuak eta finantza alorrean erreforma ezberdinak onartuz. "Hazkunde ekonomikora bueltatzeko eta Espainiako ekonomia egonkortzekohartu beharreko neurri guztiak onartu ditugu", azaldu du, eurotaldearen bilerara sartzean. Ekonomia ministroak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak "lan eta finantzaarloan" neurriak adostu ditu, "gure bankuak onbideratzeko helburuarekin".
De Guindosen hitzetan, Greziak bizi duen "ezegonkortasunak" arrisku sariaren igoera eta burtsaren jaitsiera ekarri du. Eurotaldeari "erantzun garrantzitsua" emateko eskatu dio Ekonomia arduradunak, baina ez du Greziaren egoerari buruz adierazpenik egin nahi izan.
Funts-hornidura
Bankiak higiezinen gaineko diru hornidura handiena behar du, 4.722 milioi euro, Gobernuaren finantza erreformaren betebeharrak betetzeko.
Atzetik, Santander bankua dago, 2.700 milioi euro, eta Caixabank (2.102 milioi euro).
BBVAk1.800 milioi euro gehiago behar izango dituela jakinarazi du, eta Banco Popular Taldeak, 2.314 milioi euro.
Kutxabank (855 milioi euro) diru-hornidura gutxien behar duena da, Bankinterren atzetik (136 milioi euro).
Finantza entitate gehienek ez dituzte arazorik izango kaudimen maila egokia mantentzeko, BaloreMerkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazitako datuen arabera.
Olli Rehnek Espainaren finantza erreforma goretsi du
Mariano Rajoyren Gobernuak ostiral honetan onartu duen bigarren finantza-erreforma goraipatu du Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako Europako komisarioak, "Espainiako finantza-erakundeen gaineko zalantzak argituko dituelako".
Erreforma honek 30.000 milioi euroko funts-hornidurak prestatzera behartu ditu bankuak, higiezin-aktiboetan izan litezke balizko galerei aurre egin ahal izateko. Funts nahikorik lortzen ez duten bankuei Gobernuak 15.000 milioi euro eskainiko die.