Ekonomia -
Taldea 'garbitzeko'
Bankuei emandako diru publiko guztia berreskuratzea nahi du PSOEk
Alfredo Perez Rubalcabaren hitzetan, bere alderdiak finantza erreforma babestuko du entitateko bezeroekin eta aurreztaileekin duen "erantzukizunagatik".
Erredakzioa
Bankiako bezeroek lasaitasunez hartu dute Estatuak entitatean egingo duen partehartzea, gaur bulegoetan ikusi ahal izan denez; inbertitzaileak, ordea, urduri daude, eta bosgarren egunez jarraian akzioen prezioak behera egin du.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren hitzetan, bere alderdiak finantza erreforma babestuko du sektorea berregituratzeko erabiliko diren "euro publiko" guztiak berreskuratuko direla bermatzen badute, eta ahal dela "irabaziekin berreskuratzea".
Rubalcabak berretsi duenez, Estatua Bankiako kapitalean sartzea ondo ikusten du, baina "horren garrantzitsua izango da irteera".
Gobernuak ostiralean onartu behar duen erreforman printzipio hori betetzea ezinbestekoa da, sozialisten iritziz. Erreforma izango da hizpide nagusi, hain zuzen, PSOEko kide batzuek eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak arratsaldean egingo duten bileran.
Gauzak horrela, sozialistek eta Exekutiboak erreformaren harian egingo duten negoziazioa arratsaldean bertan hasiko da.
Bestalde, Andres Araujo de la Mata Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuordeak esan du Bankia "ezin daitekeela hondoratzen utzi". Hala ere, finantza-erakundeen arteko "lehiakortasun baldintzak aldatzea" ere ez zaiola egokia iruditzen gaineratu du.