Ekonomia -

LANGILEAREN EGUNA

Enplegu duina eta aberastasunaren bidezko banaketa aldarrikatuko dituzte sindikatuek Maiatzaren 1ean

Prekarietatean eta zaintza eta aberastasunaren banaketan jarriko dute azpimarra sindikatu nagusiek Langileen Egunerako deitu dituzten mobilizazioetan.

Sindikatu nagusietako ordezkariak, nork bere mobilizazioak aurkezten.
Sindikatu nagusietako ordezkariak, nork bere mobilizazioak aurkezten.
Sindikatu nagusietako ordezkariak, nork bere mobilizazioak aurkezten.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak diren honetan, pandemia aurreko normaltasuna berreskuratuko dute Langilearen Eguneko mobilizazioek. Aldarrikapenen norabidea antzerakoa bada ere, azken urteotan bezala, sindikatuek bakoitzak bere aldetik deitu dituzte protestak; zaintza, enplegu duina edota aberastasunaren banaketa egongo dira pankartetako izenburuen erdigunean.

ELA euskal sindikatu nagusiak prekarietateren kontrako oihua zabalduko du, 'Borrokan ari gara' leloa hartuta. Zentral horren arabera, Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daude (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan), eta, batez ere, emakumeak dira okerren daudenak. "Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena", erantsi du.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dituzte manifestazioak:

 - Bilbao, 11:30, Jesusen Bihotza

 - Iruñea, 11:30, Gurutzeko plaza

 - Gasteiz, 12:00, Andre Maria Zuriaren plaza

 - Donostia, 11:30, Alderdi Eder

Era berean, LAB sindikatuak ere hiriburuetara eta herri nagusienetara eramango ditu protestak, 'Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde' lemapean.  Sindikatu horren arabera, "kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen".

LABen iritzian, egungo krisia "kapitalismoak" eta "azken hamarkadetan ezarritako politika neoliberalek" eragin dute, eta ez "pandemiak edo Ukrainako gerrak".

LABek deitutako protesta nagusiak:

 - Iruñea,  12:00, Gaztelu plaza

 - Bilbo, 11:00, Zabalburu

 - Donostia, 12:00, Easo plaza

 - Gasteiz, 12:00, Andre Maria Zuriaren plaza

 - Baiona, 11:00, Lan Burtsa eraikina 

Ipar Euskal Herrian, bestalde, LABek hainbat sindikatu eta eragilerekin batera antolatu ditu Maiatzaren Leheneko mobilizazioak. CGT, BIZI!, FSU, ALDA, EBA, CFDT eta ETORKINEKIN Solidarite migrants-ekin aterako dira kalera, bi manifestaziotan: 11:00etan abiatuko dira bi martxak Baionan (Lan Burtsatik) eta Maulen (Gurutze Xuritik). "Mundu justu, jasangarri, solidario eta baketsu baten alde: gu gara alternatiba!" izango dute leloa.

Eta ohi bezala, CCOO eta UGT elkarrekin aterako dira gaur kalera, "Konponbidea: prezioak mugatu, soldatak igo eta berdintasun handiagoa" goiburu hartuta. Bi zentralok bat etorri dira esatean helburua dela "langile bakar batek ere ez galtzea erosteko ahalmena". "Kaleak normaltasunez berreskuratu" nahi dituztela adierazi dute, bi urteko pandemiaren ondoren, gobernuei eta patronalei prezioak jaisteko eta soldatak igotzeko neurri eraginkorrak exijitzeko.

Azken eskari horri dagokionez, CCOOk eta UGTk ohartarazi dute ez dutela sinatuko "soldaten erosteko ahalmena galtzen duen hitzarmenik".

EAEko hiruburetan antolatu dituzte mobilizazioak:

  - Bilbo, 11:30,  Jesusen Bihotza

 - Donostia, 12:00, Alderdi Eder

 - Gasteiz, 11:00, Andre Maria Zuriaren plaza

Maiatzaren 1aren bezperan, sindikatuak indartsu agertu dira, pandemia aurrekoen gisako ekitaldiei begira
Maiatzaren 1aren bezperan, sindikatuak indartsu agertu dira, pandemia aurrekoen gisako ekitaldiei begira
Maiatzaren 1aren bezperan, sindikatuak indartsu agertu dira, pandemia aurrekoen gisako ekitaldiei begira

1:29

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea ELA LAB Lana Baiona Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak gaur Sindikatuak CCOO UGT