Ekonomia -
Nazionalizazioa
Red Electricari kalte-ordaina emango diola bermatu du Boliviak
De Guindos Ekonomia ministroak ohartarazi du "behatu" egingo dutela kalte-ordaina bidezkoa izatea.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak "negatibo"tzat jo du Boliviak Red Electricaren filiala nazionalizatu izana, baina nabarmendu du Evo Moralesen Exekutiboak bermatu egin diela kalte-ordaina emango diotela enpresa espainiarrari.
"Red Electricak elektrizitate sarean egindako inbertsioak ordainduko dituela bermatu du Boliviak, eta Espainiako Gobernuak, noski, [hori betetzea] behatuko du, prezioa bidezkoa izan dadin", esan du, Europar Batasuneko Ekonomia ministroen bilera hasi baino lehen.
Hain zuzen ere, Jose Manuel Garcia-Margallo eta Jose Manuel Soria Espainiako Atzerri eta Industria ministroek Boliviako Gobernuarekin egindako elkarrizketetan jaso dituzte bermeak.
"Tankera honetako erabakiak ez dira Espainiako Gobernuaren gustokoak, Boliviako eta beste hainbat herrialdetako inbertsio prozesuetan segurtasun juridikoari eustea funtsezkoa baita", gaineratu du De Guindosek.
Horren esanetan, Red Electricak "zerbitzu ona" eskaintzen zuen, "Boliviako ekonomiaren eta Boliviako herritarren ikuspuntutik".
Duela bi aste Argentinak YPF nazionalizatu zuela eta, Ekonomia ministroak ukatu egin du nazionalizazio-uholde orokortua dagoela Latinoamerikan, eta "egoera independenteak" direla iritzi dio.
Nolanahi ere, De Guindosek azpimarratu izan du Latinoamerikan dauden enpresa espainiarrek "funtsezko zerbitzua" eskaintzen dutela herrialde eta herritar horien onurako.
Patronalak irmotasuna eskatu du
Bestalde, Arturo Fernandez CEOE patronaleko presidenteordeak salatu du nazionalizazioa "adarjotzea" dela, eta neurri irmoak hartzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.
TVEn egindako adierazpenetan, Fernandezek deitoratu du Espainia "pelikulako gaiztoa" izatea, eta gogorarazi du beste herrialdeei ez dietela enpresarik nazionalizatu.
Fernandezen ustez, Gobernuak neurririk hartu ezean, baliteke nazionalizazioak beste herrialde batzuetara hedatzea.
CEOEko presidenteordeak esan du Gobernuak ondo jokatu zuela YPFren gatazkan, eta kalte ekonomikoak baino, nazionalizazio hauek Espainiaren irudia urratuko dutela iritzi dio.
EE. UU., "kezkatuta" Red Electricaren egoitza Bolivian desjabetzeko erabakiagatik
EE. UU. "kezkatuta" azaldu da Evo Morales Boliviako presidenteak Red Electricaren akzioak Trasnportadora de Energia (TDE) enpresan desjabetzeko erabaki izanaren ondorioz, estatuan "inbertsio klima lausotzen" duela adierazi du.
"Kezkatuta gaude Boliviako Gobernuak TDE nazionalizatzea erabaki duelako, gainera, Argentinako adierazpenaren ostean dator (Repsolen akzioak desjabatzea YPFn), azaldu du Mark Toner Estatu Deparmentuko bozeramaileak, egunean egiten duen konferentzian.