Ekonomia -
Manifestazioak
Murrizketen aurkako 'etengabeko mobilizazioen' alde egin dute Euskadin
Euskal hiriburuetan 2.000 lagun inguru bildu dira murrizketen kontra protestatzeko. Candido Mendezek Madrilen esan duenez, "De Guindosek iruzur egin du kontuak ateratzen ez zaizkiolako".
Erredakzioa
2.000 lagunetik gora bildu dira igande honetan hiru euskal hiriburuetan, "Gure eskubideak defenda ditzagun", PPren Gobernuaren murrizketen aurka lelopean protestatzelo. Damaso Casado UGT Euskadiko idazkari nagusia eta Unai Sordo CCOOko arduraduna Bilboko manifestazioan izan dira. Bertan, 1.000 lagun inguru izan dira.
Gasteizen, berriz, 300 lagun inguru bildu dira eta ibilbidean "erreformaren aurka, mobilizazioa" bezalako oihuak izan dira entzungai. Donostian 200 lagun inguru izan dira eta manifestariek bandera errepublikarrak eta komunistak zeramatzaten.
Protestak hasi baino lehen Unai Sordo CCOOko arduradunak esan duenez, "Angela Merkelek doitasuna bera zalantzan jartzen hasi du eta justu orain, defizit publikoa murrizteko asmoz, PPko Gobernua inozoen antzera jokatzen ari da". Bestalde, Damaso Casadok "murrizketen aurkako etengabeko mobilizazioen" alde egin du. "Rajoyren Gobernuak publikoa den guztia suntsitu eta gizarte osoaren eskubideak bertan behera utzi nahi ditu", salatu du Casadok.
"De Guindosek iruzur egin du"
Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, Rajoyren Gobernuak iragarritako azken neurrien harira, Luis de Guindos Ekonomia ministroak "iruzur egin du, kontuak ateratzen ez zaizkiolako". Mendezen aburuz, azken murrizketek "herritarrentzat benetako sakrifizioa suposatuko dute".
Benetan zer nahi duten argitzea eskatu die UGTko arduradunak Gobernuko kideei eta "Ogasunarekin lotutako hitzak saihestea" exijitu die. Mendezen ustez, haien helburua "zuzenbidezko gizarte estatu demokratikoa ahultzea da".
UGTko buruak esan duenez, Gobernuak gehiengo absolutua du baina eguneroko lanean hiru ideologiako Gobernu bat izango balitz bezala funtzionatzen du: "eskuindar demokratikoko Gobernua da baina murrizketak egitean, muturreko liberalek eta muturreko eskuindarrek bezala jokatu du".
Bestalde, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, baliteke enpleguaren suntsiketaren gainean Gobernuak dituen aurreikuspenak "txiki" geratzea. Gainera, "benetako edukirik gabeko hazkunde neurriei buruz Europan hitz egiten entzuten duten milioi lagunen sufrimendua" deitoratu du. "2013rako ezarritako defizit helburua lortu ezinezkoa da", ohartarazi du.
Protestak Estatu osoan
Gauzak horrela, Estatu osoko herritarrak atera dira kalean Mariano Rajoyren Gobernuak Osasun eta Hezkuntza alorrean egindako murrizketen aurka protestatzeko. Ongizate Estatuaren eta Zerbitzu Publikoaren aldeko Herri Plataformak deituta, krisiak eragindako doitzeak oinarrizko zerbitzu publikoetan eragina izan ez ditzan eskatu diote Gobernuari.
'Hezkuntzarekin eta osasunarekin ez da jolastu behar' lelopean, 10.000 milioi euro aurrezteko asmoz Rajoyren Exekutiboak adostutako neurriak gaitzesteko deialdia izan da. Manifestazio hauek deitu dituen plataforma 100 bat erakundek osatzen dute, besteak beste, CCOO eta UGT sindikatuek.
Azken neurriak
Osasun alorrean kritika gehien piztu dituen neurrien artean sendagaien koordainketa dago. Izan ere, Rajoyren dekretuen ondorioz, lehen aldiz, pentsiodunek sendagaiak ordaindu behar izango dituzte. Hezkuntza esparruan, ordea, unibertsitateetan ikasteko tasak garestitu izanak, besteak beste, sumina eragin du herritarrengan.