Ekonomia -

Energia eolikoa

Tapiak dio Ukrainako gerrak "gero eta premiazkoagoa" egiten duela energia berriztagarrien garapena

Gaurtik ostegunera, industria eolikoko 8.000 profesional bilduta daude Barakaldon, BECen, sektoreak dituen erronkei buruz eztabaidatu eta produktu eta teknologia berrienak aurkezteko.

Windeurope biltzarra, BECen. Argazkia: EFE
Windeurope biltzarra, BECen. Argazkia: EFE
Europako airesorgailuen azoka garrantzitsuena hasi da BECen

1:18

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energia eolikoaren sektoreak dituen erronka nagusien inguruan eztabaidatzen ari da Europako industria eolikoa, gaurtik Bilbao Exhibition Centrek (BEC) hartzen duen Windeurope urteroko biltzarrean.

Apirilaren 5etik (asteartea) apirilaren 7ra (osteguna), 8.000 profesional inguru bilduta izango dira bertan, eta, besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: jatorri eolikoko elektrizitatetik hidrogeno berdea ekoiztea, sare digitalak, eta teknologia energetiko berriztagarriak eta itsasoko eolikoa nahastea, batez ere flotatzailea (itsas hondoan ainguratu gabea), hori baita plataforma kontinental sakonak dituzten itsasoetan (Kantauri itsasoan, adibidez) egin daitekeen bakarra.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak inaugurazio ekitaldian adierazi duenez, Ukrainako gerrak "gero eta premiazkoagoa" egiten du energia berriztagarrien garapena, eta gaineratu du "garai nahasiak" bizi direla eta "erabakigarria" dela kanpoko baliabideekiko mendekotasuna murriztea ahalbidetuko duten estrategia energetikoak sendotzea.

Eusko Jaurlaritzarentzat eta euskal enpresentzat "harrotasuna eta erantzukizuna" da hitzordu hau "arrakastaz" garatzea, eta esan du "une erabakigarria" bizi dutela energia-estrategiak sendotzeko, alde batetik, "mendekotasuna murrizteko eta, bestetik, klima-aldaketaren mehatxuen aurrean erantzuna hobetzeko".

Adierazi duenez, "garai nahasiak" bizi dira covid-19aren pandemiak munduan eragindako arazo sozial eta sanitarioekin eta Errusiak Ukrainari egindako inbasioaren ondorio geopolitikoekin.

Sektorearen ustez, Ukrainako gerrak agerian utzi du energia berriztagarriak garatu beharra
Sektorearen ustez, Ukrainako gerrak agerian utzi du energia berriztagarriak garatu beharra
Sektorearen ustez, Ukrainako gerrak agerian utzi du energia berriztagarriak garatu beharra

1:26

Tapiaren esanetan, gatazka horrek "energia berriztagarrien garapena gero eta premiazkoagoa egiten duen" larrialdi-egoeran jarri du energiaren sektorea, eta aukera berriak ireki ditu esparru horretan.

Testuinguru horretan, sailburuak azpimarratu du une "bikaina" dela euskal industriaren potentziala eta Euskadik energia eolikoaren alde egiten duen apustu "sendoa" erakusteko.

Tapiak adierazi du euskal industria, Europakoa bezala, deskarbonizazioan inplikatuta dagoela, "konpromisoekin eta ekintzekin", eta pozik agertu da aste honetan bertan Euskadik hartuko duelako World Economic Forumek bultzatutako Net Zero Europako Super Klusterraren lehen hitzordua.

"Ona litzateke Europa osoak enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa bizkortzeko eginkizuna bere gain hartzea eta partekatzea, eraldaketa digitala, energetikoa eta soziosanitarioa ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko eta ingurumen-irizpideak sektore-politika guztietan txertatzeko aukera gisa hartuz, ez baldintzatzaile gisa, baizik eta balioa sortzeko lehia-faktore gisa", ondorioztatu du.

Bestalde, Teresa Ribera Espainiako presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak defendatu du Espainiako Gobernuak energiaren prezioak mugatzeko egindako proposamena "onena" dela, eta azpimarratu du "unea" dela "laguntza emateko eta aurrera egin ahal izateko lan egiteko, inflazio efekturik sortu gabe, eta uste dut hori mundu guztiak ulertzen duela".

Azokaren inaugurazioa bukatzean, ministroak adierazpen labur batzuk egin dizkie kazetarie energiaren prezioa mugatzeko Espainiaren eta Portugalen proposamenari buruz. Iberdrolako eta Endesako presidenteek proposamena kritikatu egin dute.

"Elektrifikazioa hemen dago, elektrikoen negozioa hazi egingo da nahitaez, eta doitu egin behar da pixka bat, ekonomiak, etxeek, Espainiako eta Portugalgo industriak arrazoizko prezioa berreskuratzeko aukera izan dezaten", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Barakaldo Eusko Jaurlaritza Bilbao Exhibition Centre Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria Energia berriztagarriak Energia ekoizpena gaur