Ekonomia -
Langabezia datuak
Patxi Lopez: 'Murrizketa politika aldatu egin behar da'
Lehendakariak Euskadiko langabezia datuak "benetan txarrak" direla adierazi du eta atzeraldia eta langabezia Europak ezarritako murrizketek eragin dituztela iritzi dio.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak 2012ko lehen hiruhilekoan Euskadin erregistratutako langabezia datuak "benetan txarrak" direla esan du eta horiek murrizketetan oinarritutako politikak aldatzeko beharra agerian uzten dutela azpimarratu du.
Lehendakariak defizit publikoa murrizteko eta zorra itzultzeko epeak "arrazionalizatzeko" beharra azpimarratu du eta helburu hori lortzeko 10 urteko epe bat "arrazoizkoa" izango litzatekeela erantsi du.
Patxi Lopezek Gasteizen antolatutako ekonomia foro batean parte hartu du ostiral honetan, bertan, urteko lehe hiruhilekoan izandako langabezia datuen inguruan hitz egin du (EAEn, hain zuzen, langabe kopurua % 5,03 igo da) eta defizit publikoa eta ekonomia bultzatzeko politikak uztartzearen aldeko eztabaidaz ere mintzatu da.
Lehendakariak bi gai horiek erlazionatu ditu eta Europan ezarritako "murrizketa" politikek atzeraldia ekarri eta langabezia igo dutela adierazi du.
"Ekonomia bultzatu nahi badugu hezkuntza edo ikerketa arloko inbertsioa jaisteak ez du inolako zentzurik", ziurtatu du.