Ekonomia -
Langabezia datuak
5,6 milioi langabe daude Espainian
Langabezia tasak % 24,4ko maila gainditu du jada, 1994tik hartu duen mailarik gorenean da. Halaber, 1,7 milioi familiatan kide guztiak langabezian daude.
Erredakzioa
Langabezia % 6,9 hazi da urteko lehen hiruhilekoan Espainian, hau da, 365.900 pertsona gehiago daude lanik gabe. Horrenbestez, 5.639.500 langabe daude orotara, Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez.
Martxoa amaieran, langabezia tasa % 24,44koa zen, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1,6 puntu gehiago.
Datu horiekin, Espainiako langabezia tasa handiena da indarrean dagoen zenbaketa sistema martxan jarri zenetik, hots, 2001 urtetik. Beste sistema ez alderagarriak begiratuta, 1994 urteko lehen hiruhilekora jo beharra dago horren portzentaje handia ikusteko. Orduan, langabezia % 24,55ekoa zen.
2012ko lehen hiruhilekoan, 374.300 lanpostu suntsitu dira eta, ondorioz, egun 17.433.200 pertsonak dute lana; zenbaki txikiena 2003ko hirugarren hiruhilekotik.
Datuak sexuaren eta adinaren arabera
Okupazioaren jaitsiera hiru aldiz handiagoa izan da gizonezkoen artean (278.300 lanpostu gutxiago), emakumezkoen artean baino (96.000 gutxiago). Nolanahi ere, langabeziaren hazkundea berdin jazo da bi sexuen artean: 183.700 gizon gehiago langabezian, eta 182.200 emakume.
Gazteei eragiten dien langabezia datuei erreparatuz gero, Estatuko Estatistika Institutuaren arabera, urtarrila eta martxoa artean 16-19 urte dituzten gazteen artean 5.300 langabe gehiago zenbatu dira, guztira 214.100 lagun, eta 20-24 urte dituztenen artean, berriz, 32.300 langabe gehiago zenbatu dira, hau da, adin tarte horretako 707.700 lagun daude guztira langabezian.
Aurreko urteko datuekin alderatuz gero, 729.400 langabe gehiago zenbatu dira urteko lehenengo hiruhilekoan (% 14,8 gehiago, alegia) suntsitutako enplegu kopurua, berriz, 718.500ekoa izan da (% 3,9 gutxiago).
1,7 milioi familiatan kide guztiak langabezian daude
Estatuan dagoeneko kide guztiak langabezian dauden etxebizitza kopurua 1.728.400ekoa da, hau da, 2011ko azken hiruhilekoan baino % 9,74 gehiago.
Hala, kide guztiak langabezian dauden 342.400 etxebizitza gehiago zenbatu dira lehen hiruhilekoan horrenbestez, % 24,7ko igoera jasan du.
Kide guztiak lanean dauden etxebizitza kopurua, berriz, 252.300ekoa da, 2011ko azken hiruhilekoan baino % 2,8 gutxiago.
Ekonomia Ministerioaren arabera, tasa gehienez % 25era helduko da
Fernando Jimenez Latorre Estatuko Ekonomia eta Empresen Babeserako idazkari nagusiak 2012an langabezia tasa gehienez % 25era helduko dela adierazi du.
Estatuko Estatistika Institutuak Biztanleria Aktiboaren Inkestaren inguruan emandako datuak aztertzeko prentsaurrekoan Jimenez Latorrek esan du urteko lehen hiruhilekoan langabeziak izan duen igoera okupazioaren jaitsiera "garrantzitsuak" eta biztanleria aktiboaren beheraka "arinak" eragin dutela.
Langabeziaren larritasuna "bistakoa" dela erantsi du eta datu horietan 2011 erdialdetik aurrera jarduerak jasandako beherakada indartsuak eragina izan duela eta urtaroak ere eragin zuzena izan duela adierazi du.