Ekonomia -
GARRAIOLARIEN GREBA
Raquel Sanchez ministroaren eta lanuztea deitu duten garraiolarien arteko bilera bukatu da
Milaka garraiolarik elkarretaratzea egin dute Madrilgo Garraio Ministerioaren atarian.
EITB MEDIA
Raquel Sanchez Garraio ministroaren eta ia bi aste geldirik daramaten garraiolari txikien arteko bilera bukatu da Madrilen.
Ministroarekin bildu baino lehen, Manuel Hernandez Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataformako presidenteak adierazi du, "nahiago nuke lanuztearekin gaur amaitzea". Puntu garrantzitsuenaren inguruan konpromiso sendo eta sinatua dutela esan nahiko luke horrek, hau da, "lanean aritzea suposatzen digun kostua behintzat estaltzea", azaldu duenez.
Hernandezen ahotan, kostua faktore garrantzitsuena da, motorra ezin daitekeelako piztu gutxienez esplotazio kostuak ordaindu barik, "horiek behea jotzera eraman gaituztelako".
Garraiolari txikiak biltzen dituen Errepideko Garraioaren Defentsarako Plataformaren asmoa lanuzte mugagabea bertan behera ez uztea ministroarekin bildu arte.
Bart, Espainiako Gobernuak eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak akordioa lortu badute ere, garraiolarien greba deitu zuen Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak eutsi egiten dio oraingoz lanuzteari.
Ildo horretan, protesta deitu du gaur goizerako (10:00), Madrilen, Garraio Ministerioaren aurrean, eta bertan parte hartu dute Hiru sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak (Tradisna).
Hiru sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak, bakoitzak bere aldetik, bilera egingo dute egunean zehar garraiolariek eta Espainiako Gobernuak lorturiko akordioa baloratzeko.
Bestalde, Guitrans Gipuzkoako garraio patronalak uste du goizaldean Ministerioarekin itxitako akordioa "enpresa eta autonomoentzat positiboa" dela, neurri "sakonak" jasotzen dituelako; baina "garraio kontratuetan islarik ez baldin badute, ezertarako ez dute balioko", ohartarazi du.