Ekonomia -
Martxoko datuak
Espainiako defizita BPGaren % 1,85ean kokatu da
Aurrekontuei jarritako osoko emendakinak eztabaidatzeko osoko bilkuran, Montorok esan du ezarritako helburuak "betetzen" ari direla, "oso garai txarra bizi dugun arren".
Erredakzioa
Estatuko defizita Barne Produktu Gordinaren % 0,83an kokatu zen martxora arte, gaur Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak iragarri duenez. Rajoyren Gobernuak ezarritako defizit-muga betetzeko "bide onean" doazela gaineratu du.
Hala ere, Kontabilitate Nazionalaren (gastuen eta diru-sarreren arteko ezberdintasuna) arabera, defizita % 1,85ean kokatu zen. Iazko datuekin alderatuta, % 73,2 hazi zen.
Desbideratze hori erkidegoei egindako transferentzien ondorioz etorri da. Transferentzia horiek gabe defizita % 0,83an kokatu zen, Cristobal Montorok iragarri bezala.
Aurrekontuei jarritako osoko emendakinak eztabaidatzeko osoko bilkuran, Montorok esan du ezarritako helburuak "betetzen" ari direla, "oso garai txarra bizi dugun arren".
Kongresura "mesfindatza piztera" joatea egotzi dio Montorok Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko bozeramaileari.
Europako Banku Zentrala
EBZk gaur iragarri duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorrak ezarritako defizitaren mugarekin "koherenteak" dira, baina ez dute desbideratzeko tarterik.
"Badirudi ez dagoela desbideratzeko tarterik, eta oso garrantzitsua da tarte hori izatea", esan du Jose Manuel Gonzalez-Paramo Europako Banku Zentraleko (EBZ) Batzorde Betearazleko kideak.
Hala ere, Gonzalez-Paramoren hitzetan, Espainiak defizitaren muga beteko du aurten.