Ekonomia -
Hitzarmen berria
EAEko enpresek 10 milioi euroko finantzaketa lerro berria izango dute, Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko
Hala, Finantzen Euskal Institutuak eta Elkargi SGRk hitzarmena sinatuko dute finantziazio lerro hori martxan jartzeko, eta ondorioak jasaten ari diren enpresei laguntzak emateko.
EITB MEDIA
Ukrainako gerraren ondorioak arintze aldera Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) eta ELKARGI SGR-ren bidez, berehala hartuko dituen finantzaketa neurrien berri eman du Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk Gobernu Kontseiluan.
Hala, FEIk eta Elkargi SGRk hitzarmena sinatuko dute finantzazio lerro hori martxan jartzeko, eta ondorioak jasaten ari diren enpresei laguntzak emateko. Helburua da enpresa horien beharretara egokitutako irtenbideak bilatzea.
Europak eta espainiar Estatuak bideratuko dituzten laguntzen esperoan, premiazko zenbait neurri adostu ditu Jaurlaritzak. Izan ere, kanpotik iritsiko diren laguntzak egiturazkoak izango dira, edo baliteke epe luzean heltzea. Hauek dira neurriak:
-50.000 eta milioi bat bitarteko maileguak: hiru urteko epean eta 12 hilabeterainoko gabeziarekin.
-Ukrainako, Errusiako edota Bielorrusiako bazkide komertzialak dituzten enpresa txiki eta ertainen epe labur-ertainerako finantzaketa, betiere, gerraren ondorioak jasaten ari badira.
-Errusiako, Bielorrusiako edo Ukrainako inportatzaileek ordaindu gabe dituzten fakturen finantzazioa, gehienez sei hilabeteko antzinatasunarekin, 2022ko otsailaren 1etik hasita.
-Errusiako, Bielorrusiako edota Ukrainako hornitzaileei 2022ko otsailaren 24a baino lehen egindako eskarien finantzazioa, betiere, merkantzia adostutako datan jaso ez badute.
-Errusiari, Bielorrusiari edo Ukrainari azken hiru urteetan egindako salmenten finantzazioa.