Ekonomia -
Pobrezia
Hego Euskal Herrian pobrezian dauden %60k errenta minimoa jaso zuen 2020an
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak % 61,8 eta % 59,6ri lagundu zioten, hurrenez hurren. Babes handiena eman duten autonomia erkidegoak dira.
Agentziak | EITB Media
Hego Euskal Herrian pobrezian dauden %60 inguruk gizarteratzeko gutxieneko errenta (RMI) jaso zuen 2020an. Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak % 61,8 eta % 59,6ri lagundu zioten, hurrenez hurren. Gainontzeko autonomia erkidegoekin alderatuta laguntza handiena eman zuten, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen arabera.
Elkarteak argitaratutako txosten baten arabera, espainiar Estatuan pobrezian daudenen % 9k soilik (795.861 lagun) jaso zuen RMIa 2020an. Ehuneko horrek alde handiak ezkutatzen ditu autonomia erkidegoen artean. Izan ere, datu handienaren eta txikienaren artean 60 puntuko aldea dago: EAE % 61,8 eta Gaztela-Mantxa % 1,7rekin.
RMIa etxebizitzako batez besteko errenta % 15,3ra jaitsi da; 2019arekin alderatuta, 2 puntu (%17,1). Zenbateko "izugarri baxua", elkartearen arabera. 2020an zazpi autonomia erkidegoek RMIaren aurrekontuak eta onuradunen kopurua jaitsi zituzten "Bizitzeko Gutxieneko Errentaren aitzakiaz", urte erdialde aldera onartu zena. Madril, Aragoi, Balear Uharteak, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Errioxaren kasua izan zen.
EAEren eta Nafarroaren atzetik Asturias izan zen, pobrezian zeudenen % 19,2ri lagunduz. Ondoren, Kantabria (% 16,8), Katalunia (% 12,3), Aragoi (% 10,9) eta Balear Uharteak (% 10,2). Atzetik, Madril (% 8,4), Gaztela eta Leon (% 8,3), Extremadura (% 7,6), Valentziako Erkidegoa (% 6,9), Errioxa (% 6,7), Murtzia (% 6,4) eta Andaluzia (% 5,3). Azken postuetan, Galizia (% 4,6), Kanariak (% 3,3) eta Gaztela-Mantxa (% 1,7).