Ekonomia -
Bizkaia
Udalkutxak emandako dirua hiru urtetan itzuliko dute Bizkaiko udalek
Bizkaiko Diputazioak "malgutasunez" jokatu nahi izan du, krisiaren ondorioz "herri askok zailtasunak dituztelako ordainketa egiteko".
Erredakzioa
Finantzen Lurralde Kontseiluak aho batez onartu du Bizkaiko Diputazioaren proposamena eta Udalkutxak (udalerrien finantzaketarako Diputazioaren funtsa) iaz emandako dirua hiru urtetan itzuli beharko dute Bizkaiko udalek.
Zorra 47,7 milioi eurotakoa da. Aurten % 40 bueltatu beharko dute; 2013an, % 5; eta 2014an, % 30. Gainerakoa, ez-ustekoetarako Udalkutxak daukan aurrekontu berezitik hartuko dute, izan ere, azken urteotan ez dute diru hori xahutu.
Hasiera batean, Bizkaiko Diputazioaren asmoa diru-laguntzaren % 50a aurten bueltaraztea zen, eta gainerakoa 2013an eta 2014an egin beharreko ordainketa berdinetan. Alderdi Sozialistak zuzendutako udalerriek, berriz, aurten itzulketarik ez egitea eta ordainketak 2013an (% 25) eta 2014an (% 75) egitea proposatu zuen.
Azkenean, Bizkaiko Diputazioak arestian esandakoaren alde egin du. "Malgutasunez jokatzea erabaki dugu jakin badakigulako herri askok zailtasun handiak dituztela", adierazi du Juan Maria Aburto Bizkaiko presidentziako diputatuak.