Ekonomia -
Partida eguna
Metroko lanuztea kontuan izan beharko dute berriro Athleticeko zaleek
Lau orduko lanuztea partidaren hasierarekin eta amaierarekin bat etorriko da. Gainera, Metro Bilbaok ez du zerbitzu berezirik eskainiko.
Erredakzioa
Metro Bilbaoko greba batzordeak lau orduko greba deitu du gaur arratsalderako, duela urtebete baino gehiago konpainiako zuzendaritzarekin duten lan gatazkaren baitan.
Hain zuzen ere, lanuztea 18:30etik 22:30era izango da, hau da, bat etorriko da Athletic Clubek San Mamesen Manchester Uniteden aurka jokatuko duen partidaren hasierarekin (19:00) eta amaierarekin.
Europa Leagueko aurreko kanporaketan, Athleticek Lokomotiv menperatu zuenean San Mamesen, ere bat egin zuten grebak eta partidak, baina ez zen arazo handirik izan garraio publikoan.
Gaurko partida azken hamarkadetan Bilbon ikusmin handiena sortu duenetako bat da, eta Athleticek sarrera guztiak saldu ditu.
Hori horrela, Manchesterrek jasotako 2.000 sarrerak saltzea lortuko balu, San Mames lepo izango litzateke. Gainera, kontuan hartu behar da hamarka mila pertsona sarrera barik joango direla Bilbora, partida Pozasen eta beste hainbat lekutan jarraitzeko.
Metro Bilbaok ez du zerbitzu berezirik eskainiko. Izan ere, hilabete hasieran iragarri zuen oraingoz ezin izango dituela eskainiko, langileen artean jasotzen ari den "absentismo handia"ren ondorioz.
Zuzendaritzaren eta langileen arteko lan gatazka duela urtebete baino gehiago hasi zen, eta mobilizazioak CCOO ez beste sindikatuek babesten dituzte.