Ekonomia -

Kongresua

Rajoyk aitortu du defizitaren murrizketak BPG kaltetuko duela

Gobernuko presidenteak ohartarazi du kontu publikoen zuzenketak "kostu bat" izango duela. EBren barruan adostasunari eusteko onartu omen zuen % 5,3ko defizita.

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea.
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak aitortu du kontu publikoen zuzenketak eragina izango duela Barne Produktu Gordinaren hazkundean, "kostu bat", izango duela. Azaldu duenez, EBren barruan adostasunari eusteko onartu omen zuen % 5,3ko defizita.

Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian adierazi duenez, kontuak egonkortzea "ezinbesteko baldintza" da krisiari aurre egiteko eta "betebeharra" da ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko, nahiz eta hori bakarrik ez izan "nahikoa.

Gainera, Rajoyk gogorarazi du hasieran eskatzen zen % 4,4ko defizita behintzat aldatu dela eta oraingo eskakizuna "zentzuzkoagoa eta egingarriagoa" dela.

Horren harira, administrazio publiko guztiek esfortzua egin beharko dutela azpimarratu du, nahiz eta Gobernua izango den 5.000 milioi euroko murrizketa bere gain hartuko duena, izan ere, erkidegoek 2013an egin beharko dute esfortzu handiagoa.

Gobernuburuak berretsi du Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren arauak betetzea dela lehentasuna, bestela Euroguneak sinesgarritasuna galduko lukeelako, eta hori "onartezina" omen da Espainiarentzat eta Europarentzat.

Aurrekontuak

Rajoyk iragarri duenez, apirilaren 30a baino lehenago eta 2012ko Aurrekontuak "martxoaren amaieran" aurkeztu ondoren, Bruselari Egonkortasun Programa berria aurkeztuko diotela, eta bertan 2012rako defizit helburu berriak eta erreformak agertuko direla.

Neurri gehiago datozen asteetan

Rajoyk jakinarazi du Gobernua lanean ari dela industriako lehiakortasuna indartuko duten erreformetan. Era berean, neurriak hartuko omen dituzte ekintzaile izpiritua sustatzeko, merkatuaren batasuna indartzeko, berrikuntza sustatzeko eta energiaren kostuak arrazionalizatzeko. Datozen asteetan alor horietan ere ekimenak aurkeztuko dituztela iragarri du.

Era berean, Gobernuak "sakoneko erreforma" egingo omen du administrazio publikoetan herritarren beharrei hobeto erantzuteko eta baliabideak hobeto erabiltzeko. Gobernuak % 20 murriztuko omen du enpresa publikoen kopurua eta Gardentasun Legea onartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea