Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Confebask, greba eskubidea erreformatzearen alde
EAEko patronalak adierazi du "bermatu" egin behar dela "lanera joan nahi dutenen eskubidea".
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentea greba eskubidea arautzen duen legedia erreformatzearen alde agertu da, "lanera joan direnen eskubideak bermatu ahal izateko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, EAEko patronaleko buruak esan du "guztiz" beharrezkoa dela greba egiteko eskubidea bermatzea, baina "askatasun osoz" lanera joan dutenen eskubidea ere bai.
Adibidez, hauteskundeetako bezperetan hausnarketa eguna den bezala, greba bezperetan pikete informatiboek jarduna mugatuta izatea proposatu du.
Lujuak kritikatu egin ditu martxoaren 29rako deituta dauden greba orokorrak (sindikatu abertzaleena alde batetik, CCOOrena eta UGTrena bestetik). Izan ere, bere hitzetan, tankera horietako neurriekin "ekonomiak ez du aurrera egingo".
Confebaskeko presidenteak uste du greba orokorrak jarraipen "handia" izango duela, baina horren ostean lan egiten jarraitzeko dei egin du, "jarduera ekonomikoa sortzen ez bada, oso txarto pasatuko dugu eta".
Lujuak kezka agertu du langabeziaren aurrean, EAEko tasa Espainiako batez bestea baino txikiagoa bada ere, Europar Batasunekoaren gainetik baitago.
Bere aburuz, baliteke "enpresaburu oportunistaren batek" txarto erabiltzea lan erreforma, baina "gehienek ondo egingo dute, pertsona konprometituak nahi baitituzte".