Ekonomia -
Maileguen arazoa konpontzeko
Euskadiko enpresak finantzatzeko 2.000 milioiko plana abiatuko dute
Zenbateko horren erdia enpresa txiki eta ertainei egongo da zuzenduta. Euskadiko enpresek maileguak eskuratzeko dituzten arazoei aurre egiteko plan berezia da.
Erredakzioa
Euskadiko enpresen eta autonomoen finantzaketari laguntzeko, 2.180 milioi euroko plana jarri du abian Eusko Jaurlaritzak. Maileguak lortzeko dituzten arazoei aurre egiteko plan berezia da, diru-laguntzen, bermeen eta maileguen bidez gauzatuko dute.
Patxi Lopez lehendakariak aurkeztu du plana, asteazken honetan, Bernabe Unda Industria sailburuarekin eta Carlos Aguirre Ekonomia sailburuarekin batera. Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea ere bertan izan da, erakunde horrek proiektuan parte hartzen baitu.Lehendakariak azaldu duenez, finantzaketa lortzea da egun enpresen arazo nagusienetako bat, eta planak traba horri aurre egin nahi dio. Horretarako, hiru programa bilduko dituzte. Lehenengoa enpresa txiki eta ertainei egongo da zuzenduta, eta 1.310 milioi eurorekin. Bigarrena trakzio-proiektuentzat izango da, 470 milioi euroko ekarpenarekin. Hirugarrenak, aldiz, ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatuko ditu, eta 400 milioi euro bideratuko dituzte horretarako.Gaur aurkeztutako planaren baitan, elkarren bermerako sozietateentzako berme gehigarriak jarriko dira martxan, berme lerro berri bat onartuko da, finantza erakundeekin hitzarmenak sinatuko dira (Kutxabankek dagoeneko bat egin du) eta Ekarpen funtsa indartuko da.Opor fiskalek eragindako arazoak ez direla errepikatuko ziurtatu dute
Lehendakariak ziurtatu du planak segurtasun judizial nahikoa duela, eta enpresa eta autonomoentzat aurreikusi diren finantzaketa formulek ez dituztela eragingo opor fiskalek bere garaian sortu zituzten arazoak.
Merkel eta Sarzkozy, jomugan
Plan berezi honen aurkezpenean, Europar Batasunaren ekonomia politikaren kontra egin du lehendakariak, bereziki Angela Merkel (Alemania) eta Nicolas Sarkozy (Frantzia) presidenteek bultzatzen dituzten politika ''neoliberalen'' aurka. Patxi Lopezen ustez, politika horiek atzeraldia ari dira eragiten Europako herrialdeetan. Horren aurrean, bere gobernuak ekonomia bultzatuko duten politika publikoak defendatzen dituela azaldu du lehendakariak.