Ekonomia -

2022KO AURREKONTUAK

Eusko Jaurlaritzak inoizko aurrekontu proiektu handiena onartuko du gaur, 13.000 milioiko langa gaindituta

Pandemiak eragindako krisiari eta ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egin nahi die Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontu proiektuarekin. Lau eurotik hiru gastu sozialera bideratuko dituzte eta 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartuko du 2022rako aurrekontu proiektua. 13.000 milioi euroko langa gaindituko du eta inoizko aurrekonturik handiena izango da, iaz baino 600 milioi (% 5) gehiago. Pandemiak eragindako krisiari eta horren ondorio ekonomikoei eta sozialei aurre egitera bideratuta dago aurrekontu proiektua. Halaber, gastu sozialean eta inbertsioetan egin du azpimarra Jaurlaritzak.

Aurrekontuko lau eurotik hiru gastu sozialera bideratuko dituzte: osasunera, hezkuntzara eta gizarte babesera. Gainera, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsio ahalmena izango du datorren urtean. Inbertsioetarako dirua ekonomia, energia, ingurumen eta komunikazio azpiegituretarako erabiliko da. Horri gehitu behar zaio irailaren amaieran onartu eta aurten bertan gauzatzen hasi den 250 milioi euroko aparteko inbertsio-plana.

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ostean, "Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzearen aldeko apustua" iragarri zuen Urkulluk Politika Orokorreko osoko bilkuran.

Susperraldi ekonomikoaren testuinguruan onartuko da aurrekontu proiektua, nahiz eta ekonomiaren moteltze zantzuak ere badauden. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak % 6,7ko hazkundea iragarri du 2021erako, eta % 6,4koa, 2022rako.

Gaur aurrekontu proiektua onartu ondoren, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ostiral honetan emango dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 23rako aurreikusita dagoen osoko bilkuran eztabaidatu eta onartuko dituzte Aurrekontuak.

Gobernu koalizioa osatzen duten EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa duten arren, oposizioko alderdien babesa lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE albisteak Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Gaurko titularrak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Vox Euskadiko Aurrekontuak 2024