Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Rajoyk atzeraldia BPGren % 1ekoa baino handiagoa izatea espero du
Rajoyk argi utzi du Gobernuaren aurreikuspena "optimistena" baino kaskarragoa izango dela. Halaber, aurrekontuak martxoaren 30ean aurkeztuko dituela iragarri du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Barne Produktu Gordinak % 1 baino gehiago egingo du behera aurten. Europako Batzordearen aurreikuspenak labur geldituko dira, beraz. Bestalde, Estatuko aurrekontu "zorrotzak" martxoaren 30ean aurkeztuko dituela esan du.
Rajoy Erroman izan da Mario Monti Italiako lehen ministroarekin, eta, Bruselaren aurreikuspen ekonomikoak ezagutu ostean prentsaurrekoan azaldu duenez, urte bukaerarako defizita % 4,4n ezartzeari buruz hitz egingo dute Europako Batzordearekin. Hartutako konpromisoak betetzeko helburua duela gaineratu du.
Rajoyren Gobernuaren ingurukoek jakinarazi dutenez, defizit helburu "errealista" ezartzeko konfiantza dute, atzeraldi egoera eta 2011. urtea % 8ko (aurreikusitakoa baino bi puntu gehiago) defizitarekin bukatu zela kontutan izanda.
"Urte zaila" izango dela eta zerga gehiago igoko ez dituztela azpimarratu ostean, erkidegoei eta udalei aurrekontuak zuzentzeko eskatuko diela iragarri du Rajoyk; izan ere, hazkundea egongo zen aurreikuspenekin egin zituzten, baina horiek ez dira beteko.
Gobernuak zer pauso emango dituen azaldu du Rajoyk, eta horietako bat martxoaren lehen hamabostaldian aurkeztuko duen koadro makroekonomikoa izango da.
Espainiako Bankuak BPGren % 1,5eko atzeraldia aurreikusi du, eta Nazioarteko Diru Funtsak % 1,7koa. Gobernuak zifra horiek izango ditu kontuan bere aurreikuspenak egiteko.
Hartara, Rajoyk argi utzi du Gobernuaren aurreikuspena "optimistena" baino kaskarragoa izango dela.