Ekonomia -

elikadura-berrikuntza

BECek elikagaien sektorearen berrikuntzari buruzko Food 4 Future biltzarra hartuko du

Ekainaren 15etik 17ra ospatuko da biltzarra BECen; 200 erakusketari baino gehiago izango ditu, eta 20 bat herrialdetako elikaduraren arloko 5.000 profesional baino gehiago biltzea aurreikusten du.

Food4Future biltzarraren aurkezpena, gaur Barakaldon. Irudia: BEC
Food4Future biltzarraren aurkezpena, gaur Barakaldon.
Food4Future biltzarraren aurkezpena, gaur Barakaldon. Irudia: BEC

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elikadura sektorearen berrikuntzarako Food 4 Future biltzarra egingo da Bilbao Exhibition Centren (BEC) ekainaren 15etik 17ra bitartean; 200 erakusketari baino gehiago izango ditu, eta 20 bat herrialdetako elikagaien eta edarien sektoreko 5.000 profesional biltzea aurreikusten du. Food 4 Future jaialdiaren lehen edizio honetan, erakusketa-gune bat eta digitalizazioan, jasangarritasunean eta elikadura osasuntsuan oinarritutako kongresu bat izango dira.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak aurkezpenean azpimarratu duenez, biltzar hau aurrez aurre eta modu telematikoan egingo da, eta "albiste bikaina da BECentzat eta Euskadirentzat", berrikuntza eta teknologia elikaduraren sektorearekin uztartzen dituen "hitzordu profesionala" delako.

Bere esanetan, Euskadik "gastronomiari esker du ospea nazioartean", eta aintzatespen hori "elikagaien sektoreari aplikatutako berrikuntzara eramateko unea iritsi da, enpresak eta enplegua sortuz". 

Sailburuak adierazi duenez, Food 4 Futurek "aukera bikaina" ematen du Euskadik sektorean duen kokapena aprobetxatzeko, "erantzukizun eta inteligentzia handienetik", kontsumitzaileen eskaera berriei, negozio-aukera berriei eta klima-aldaketaren aurkako borrokari erantzuteko.

Nebext eta AZTIk antolatuta, Food 4 Future biltzarrak 200 erakusketari baino gehiago izango ditu, eta bakoitzak bere soluzioak, ekipoak, teknologia eta proiektu berritzaileak aurkeztuko ditu. Nazioarteko 280 adituk, berriz, elikagaien industriaren egungo erronkei aurre egiteko "gakoak" azalduko dituzte, digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta elikadura osasungarriaren inguruko hitzaldi-agenda batean, eta elikaduraren sektoreari aplikatutako adimen artifizialari, automatizazioari eta robotikari ere erreparatuko diete.

Albert Planas Nebexteko zuzendari nagusiak adierazi duenez, Food 4 Future proiektuaren helburua "elikagaien industriari laguntzea da, hurrengo hamarkadako erronkei aurre egiteko eta gero eta herritar gehiagorentzat elikadura osasungarriagoa garatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak