Ekonomia -
Kutxen legeari, helegitea
EAJk 'begirunea' erakutsi dio Arbitraje Batzordearen erabakiari
Hala ere, Belen Greaves EAJren EBBko idazkariak azaldu duenez, euskal kutxen lege proiektuaren aurka Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea aurkeztu izana ez zen "akats bat" izan.
Erredakzioa
Belen Greaves EAJren EBBko idazkariak asteazken honetan adierazi duenez, euskal kutxen lege proiektuaren aurka Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako helegitea baliogabe uztea Arbitraje Batzordeak hartutako erabakiari "begirunea" erakutsiko dio EAJk. Hala ere, Greavesek azpimarratu duenez, helegite hori aurkeztu izana ez zen "akats bat" izan.
Bilbon izandako prentsaurrekoan buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, ez du Arbitraje Batzordearen erabakiaren edukia ezagutzen, komunikabideen bitartez bakarrik jakitera eman dutena. "Arbitraje Batzordeak ebatzi duenez, euskal kutxen proiektuak ez ditu eskumen foralak urratzen beraz, EAJk begirune osoa erakutsiko dio erabakiari", azpimarratu du.
Hala eta guztiz ere, aurkeztutako helegitea "akats bat" izan ez zela defendatu du Greavesek. Izan ere, "oraingoa ez da Arbitraje Batzordearen aurrean salatzen den lehen lege proiektua, PPren esku zegoenean, Arabako Foru Aldundiak berdin egin duelako", nabarmendu du.
Euskal kutxen proiektuaren izapidetzea atzeratu da "ez bakarrik Bizkaiko Aldundiak helegitea aurkeztu zuelako, Patxi Lopezek egutegi legegilea errespetatu ez zuelako baizik".
Kutxabankeko Batzordeari buruz
Bestalde, euskal kutxen legearen onarpenak ekar ditzakeen aldaketei buruz, Greavesen esanetan, "zerikusi handiagoa du PPk Eusko Jaurlaritzari egingo dion planteamenduak", hura izan baita lege proiektua burutu duena.
"Gobernuaren barnean lehentasuna duen bazkidea da eta litekeena da Patxi Lopezek aurkeztutako lege proiektuak aldez aurretik PPrekin adostu izana", azaldu du.