Ekonomia -
Polemika Kutxabanken harira
Gipuzkoak auzitara jo lezake, Kutxabanken kontseilua salatzeko
Martin Garitano ahaldun nagusiak iragarri duenez, Diputazioaren zerbitzu juridikoak egoera "zorrotz" aztertzen ari dira neurri instituzionalak hartzea nahiz auzitara jotzea erabakitzeko.
Erredakzioa
EAJk eta Alderdi Popularrak adostutako Kutxabanken administrazio kontseiluaren aurka egiteko, Gipuzkoako Diputazioa neurri judizialak eta instituzionalak hartzea aztertzen ari da.
Martin Garitano ahaldun nagusiak Kutxako zuzendaritzaren jarrera "desleiala" kritikatu du eta Gipuzkoako Diputazioaren "konfiantza osoa galdu" dutela azpimarratu du.
Garitanok jakitera eman duenez, Gipuzkoako Diputazioaren zerbitzu juridikoak Kutxabankeko administrazio kontseilua eratzeko modua "zorrotz" aztertzen ari dira, "beharrezkoak diren neurri judizialak eta instituzionalak hartzeko".
Bilduren Gobernuak Kutxabanken ordezkaritza "legala den edo ez" argitu nahi du eta administrazio kontseilu horrek gipuzkoarrek udal eta foru hauteskundeetan agertu zuten borondatea errespetatzen ez duela salatu du. "Kontseilu hori behin-betikoa ez izateko formula eraginkorrena zein den aztertzen ari gara, gauzak EAJk eta PPk erabaki bezala ez izateko", erantsi du. Horrez gain, Kutxako zuzendariek Gipuzkoako Aldundiaren babesa galdu dutela jakinarazi du. "Kutxabanken administrazio kontseiluaren lehen ondorioa hori izan da, jarrera desleiala erakutsi baitute". EAJri eta PPri kritikak
Bestalde, EAJren eta Alderdi Popularraren jarrera ere gogor kritikatu du Martin Garitanok. "Aniztasunaren alde eta pribatizazioak saihesteko, Bilduk kutxen fusioa babestu zuen, baina orain akordio zabal hori okertu egin dute", azaldu du.
"Hitzarmen horrekin, PPk eta EAJk Gipuzkoan alde handiarekin indar politiko nagusia dena baztertu egin dute eta Bilduk, kutxen fusioa onartuta, erakutsi zuen aniztasuna ukatu dute", kritikatu du. "Badirudi bi alderdi horiek hauteskundeetako emaitzak ez dituztela onartu. Egoera berria ukatzen dute. Bizkaiko Diputazioan eta Bilboko udaletxean agintzen duen EAJk ezin du gehiengo absolutu bat inposatu. Erabaki eskandalugarri baten aurrean aurkitzen gara", adierazi du. Garitanok zehaztu du Gipuzkoako Diputazioak ez duela kalkulatu Bilduk zenbat ordezkari izan beharko lituzkeen, baina nabarmendu du administrazio kontseilu horrek "aniztasuna" ordezkatu behar duela. "Gure kezka nagusia ez da kontseilari kopurua, ezta Kutxen Legea ere", erantsi du.