Ekonomia -

746 milioi, % 13 baxuagoa

Gipuzkoan aurrekontuak onartu dituzte, EAJ eta Aralar abstenituta

"Sektore publiko indartsu batek krisia gainditzeko duen garrantzia" azpimarratu du Martin Garitano ahaldunak. Era berean, EAJk eta Aralarrek egindako ekarpenak eskertu ditu.

Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EITB.
Gipuzkoako aurrekontuak onartu dituzte

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2012ko aurrekontuak onartu dituzte Bilduren aldeko botoei eta EAJren eta Aralarren abstentzioei esker. Aurrekontua 746 milioi eurokoa da, 2011koa baino % 13 baxuagoa.

Batzar Nagusien saioan egindako agerraldian, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia "gustura eta arro" agertu da, aurrekontuak aurrera ateratzeko "alderdi ezberdinekin egindako akordioengatik". Bere hitzetan, EAJk eta Aralarrek egindako ekarpenek aurrekontuak "aberastu" dituzte.

Garitanoren iritziz, aurrekontuek Bilduren "filosofiaren" isla dira: "sektore publikoa zorpetu gabe indartzea eta ongizatea bermatzea".

Horren harian, sektore publiko indartsu batek krisia gainditzeko duen garrantzia" azpimarratu du eta "pentsaera ezberdina dutenen arteko eztabaidarako" marko berri baten alde egin du, Gipuzkoa Aurreraren eredua baztertzeko.

Olanok Garitanoren jarrera gaitzetsi du

Abstentzioarekin, EAJk Bilduerekin aurrekontuak onartzeko egindako akordioa bete du, nahiz eta Markel Olanok onartu egin duen "azken momentura arte" kontrako botoa emateko asmoa izan dutela. Olanoren hitzetan, ideia hori Martin Garitanok saioan izandako jarrera "trakets eta desleialak" eragin die.

"Aurrekontuak atzera botatzeko aukera paregabea genuen, legealdi osorako 'abisu' gisa, baina guk ez dugu politika horrela ulertzen", azpimarratu du Olanok.

Erraustegiak "dirua erreko du"

Hondakinei dagokienez, Garitanoren ustez, hausnarketarako adostutako sei hilabeteko epeak beste aukera batzuk ere badaudela erakutsiko die gainontzeko alderdiei. Hori, ahaldun nagusiaren hitzetan, "ez da Bilduren garaipena izango, Gipuzkoako herritarrena baizik".

"Erraustegiak dirua erre baino ez du egingo, eta berdin da eraikina handiagoa edo txikiagoa izan", esan du Garitanok. Horrekin batera, "hondakinen eztabaidak ez garamatza inora" eta "zentzuzko bide batera" eraman behar dela esan du. Gainera, erabaki bat hartzeko orduan udalen eta bestelako erakundeen iritzia kontuan hartu beharko dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea