Ekonomia -
ITP Aero
Datorren asteartean greba PCBn, lan erregulazioko espedientea epaituko den egunean
"Apirilak 27a espedientearen aurkako aldarria nagusi izan behar da epaitegi barruan zein kanpoan", esan du enpresa-batzordeak. Horregatik, 24 orduko lanuztea deitu dute lantegietan.
EiTB Media | Agentziak
PCBko enpresa-batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du datorren astearterako Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) lantegietan. ITP Aerok 83 behargin kaleratu berri ditu bi fabriketan. Lan erregulazioko espedientearen epaiketa egun horretan egin behar dute.
“Apirilak 27a espedientearen aurkako aldarria nagusi izan behar da epaitegi barruan zein kanpoan”, esan du enpresa-batzordeak. Horregatik, 24 orduko lanuztea deitu dute bi lantegietan. Asteleheneko 22:00etatik astearteko 22:00etara greba egingo dute.
Barakaldoko lantegiaren aurrean oharra irakurri du enpresa-batzordeak. Kaleratutako lankideen “lanpostuen defentsan, borroka egun berri batean” parte hartzea aldarrikatu dute beharginen ordezkariek.
Grebaz gain, langileek “elkarretaratze zaratatsua” egingo dute 9:30ean, Bilboko epaitegien aurrean, Albia lorategian.
Enpresa-batzordearen ahotan, 83 behargin kaleratu dituen espedientea “doktrinatzailea, mendekua eta alferrikakoa izan da”. Covid-19an eragindako osasun krisia aprobetxatu zuen enpresak, “aurrena aldi baterako lan erregulazioa martxan jartzeko”, eta “ondoren kaleratze kolektiboa bermeekin aplikatzeko”, salatu duenez.
Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako beharginek greba mugagabea eta “mobilizazio ugari” egin zituzten, gogorarazi duenez. “Lantoki ezberdinen babesa jaso dugu, baita eragile sozial, politiko eta sindikalena ere”, azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzaren inplikazioaz ezin gauza bera esan, enpleguaren defentsan aritu beharrean, goizero Poliziaren dispositibo ikaragarria bidaltzen baitzuen, borrokan ari ziren langileen aurka indarkeriaz egiteko”, salatu du enpresa-batzordeak.
“Langile kaleratuek goizero zuzendaritza pankartekin eta megafoniarekin hartzen dutenean, oraindik ere gauza bera egiten jarraitzen du Jaurlaritzak”, kritikatu du.
Gainera, enpresak, “Ertzaintzaren errepresioarekin pozik ez, eta PCB-ITPko ordezkari sindikal bat salatu zuen greban”. “Maiatzean epaitegian agertu beharko da”, jakitera eman dute beharginen ordezkariek.
Era berean, “greba babestu zuten langileen aurkako maniobrak” salatu dituzte. “Lanpostuetan 15 urte baino gehiagoko eskarmentua duten beharginei erantzukizuneko lekuak kendu dizkiete”, salatu dute.
Horregatik, PCB-ITPren historian “zuzendaritzarik gupidagabeena” da egungoa, deitoratu dutenez. “Diktadore moduan dihardu, ekoizpen norabideari eta enpresaren etorkizunari dagokionez erabateko erantzukizun faltaz”, kritikatu dute.