Ekonomia -
BIZKAIA
Q sukarraren bi kasu baieztatu dituzte Bilboko TMB plantako langileen artean
Oraingoz ez dute agerraldirik konfirmatu. 2014ko apirilean behin-behinean lantegia itxi egin behar izan zuten Q sukarraren agerraldi bategatik eta 2018an beste positibo batzuk atzeman zituzten.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bilboko Arraitz mendian dagoen tratamendu mekaniko biologikorako TMB lantegian Q sukarraren bi kasu baieztatu dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez.
Lantegia ustiatzen duen enpresak emandako informazioaren arabera, Osalanek ez du oraingoz zehaztu instalazioetan agerraldirik izan den ala ez. Hori dela eta, oraingoz ez du jarduerari eragiten dion neurririk ezarri.
Bi positibo horien berri izan ostean, gaixotasuna eragin ahal izan duen arrazoiari buruzko informazioa bidaltzeko eskatu dio Garbiker sozietate publikoak enpresa kudeatzaileari, balizko agerraldia jarduerarekin lotuta dagoen ala ez zehazteko.
Era berean, osasun zaintza eta osasunari buruzko barne protokoloari buruzko txostenak eskatu dizkio.
Halaber, gertaturikoari buruzko ondorioak aurkezteko ere eskatu dio lantegia kudeatzen duen enpresari eta, behar izatekotan, zer neurri hartuko diren argitzeko.
Sindikatuetako iturrien arabera, beste hainbat langilek sintomak dituzte eta proben emaitzen zain daude.
2014ko apirilean izandako agerraldi baten ondotik behin-behinean lantegia itxi zuten.
Geroztik agerraldi gehiago izan dira, 2018an esaterako.