Ekonomia -

Krisia Grezian

Zergak berriro igotzea exijituko dio 'troika'k Greziako Gobernuari

NDFren, EBren eta EBZren ordezkariak Greziako langile publikoekin bilduko dira eta litekeena da patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa bertan behera uztea eta zergen igoera berri bat exijitzea.

'Troika'ko ordezkariak Grezian dira dagoeneko. Argazkia: EFE
'Troika'ko ordezkariak Grezian dira dagoeneko. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsaren, Europako Batzordeko eta Europako Banku Zentraleko ordezkariek osatutako nazioarteko "troika" Greziako Gobernuarekin bilduko da astelehen honetatik aurrera herrialdeko diru-kontuak eta doitze-planaren nondik norakoak aztertzeko.

Halaber, 'To Vima' Greziako egunkariaren arabera, litekeena da patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa bertan behera geratzea eta zerga ez zuzenen igoera exijitzea. Patronalak eta sindikatuek joan den uztailaren 15ean adostutako akordioaren arabera, Gobernuak 751,39 euroko gutxienezko soldata errespetatu beharko luke eta soldatak igo Europako inflazioaren bataz bestekoaren arabera. 'Troika'ren bisitaren ondorioz, baliteke akordio hau bertan behera geratzea.

Grezian izan ziren azken aldian (joan den urrian) akordio hau gogor salatu zuten 'Troika'ko ordezkariek. Hauek berehalako lan kostuen murrizketa eskatu zuten, bai soldatak murriztuz ala soldatak ez diren laneko kostuak murriztuz.

'Kathimerini' kazetak zabaldu duenez, janariari, energiari eta funtsezko produktuei aplikatzen zaien BEZ tasa berezia bertan behera uztea ere eskatuko dio 'troika'k Gobernuari. Neurri hau ezarriz gero, produktu guztiek % 23ko BEZ izango lukete.

Halaber, beste hainbat kontu aztertuko dituzte 'troika'ko arduradunek, tartean, bankuen arteko transferentzien kostuak, ogibide "itxien" liberalizazioa, nekazarientzako sistema fiskal berezia eta pribatizazio berriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea