Ekonomia -

Europako itun berria

Erresuma Batua bakarrik geratu da goi-bileran itun berria lortu ostean

Goi-bileran hitzartutako itun berria martxoan sinatuko dute eta horren berrespena epe "oso laburrean" egingo dutela iragarri du Barrosok.

Sarkozy eta Merkel, bileraren aurretik. Argazkia: Efe
Sarkozy eta Merkel, bileraren aurretik.
Erresuma Batuak ez du bat egin gainontzeko 26 herriekin

02:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBko Estatuburuek eta Gobernuburuek Erresuma Batuaren isolamendua azpimarratu duen goi-bilerari amaiera eman diote. Erresuma Batuak euroguneko aurrekontuak kontrolatzeko itun berrian parte hartzeari ezetz esan dio.

Goi-bilera horretan epe laburrean krisiari aurre egiteko beste hainbat neurri adostu dituzte, eta ondorioz, merkatuek gora egin dute.

Ildo horretan, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearen hitzetan, Europako herri guztiek "bat izan ezik" (Erresuma Batua) ituna sinatuko dute zorraren krisiari aurre egiteko.

"Eurotik kanpo dauden herri guztiei zabalik egongo da itun berria. Bakarrik herri bat ez dago itunarekin bat egiteko prest", esan du Van Rompuyk goi-bileraren osteko prentsaurrekoan, baina ez du Erresuma Batua aipatu.

"Zoritxarrez 27 herriek ez dugu itunen erreforma adostu", azpimarratu du Europako Kontseiluko presidenteak. "Saiatu gara, baina ez dugu guztien adostasuna lortu, eta beste erabaki bat hartu behar izan dugu", gaineratu du.

Van Rompuyren hitzetan, itun berriak indar lotesle ikaragarria izango du. Hala ere, ekimenak "zenbait eragozpen" dituela eta EBko "erakundeen zereginaren interpretazio zabala" eskatzen duela aitortu du.

Van Rompuyk azaldu duenez, itun berria 2012ko martxoan sinatuko dute, eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, itunaren berrespena "epe oso laburrean" egitea lortuko dute; izan ere, itunen erreformak 2 edo 3 urtekoa izango litzateke.

Van Rompuyren eta Barrosoren hitzetan, goi-bileran "erabaki garrantzitsuak hartu dituzte eurogunea epe laburrean babesteko".

Bilera luzea

Europar Batasuneko (EB) buruzagiak Bruselan atzo gaueko bilera luzearen ondoren bildu dira, eta Eurogunean krisiari erantzuteko aurrekontuak kontrolatzeko itun berrian gutxieneko akordioa lortu eta gero.

Estatu eta gobernuburuen bilera 10:00ak aldera hasi da, Kroaziak Europar Batasunean sartzeko ituna sinatu eta berehala.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra "oso gustura" agertu da bart gaueko akordioarekin, izan ere, "euroarentzat konpromiso ustelik ez adostea zen helburua eta lortu dugu".

Gutxieneko akordioa

Europar Batasuneko buruzagiek etsi egin behar izan dute eta Euroguneko aurrekontuen diziplinari buruzko arauak zatituta onartu dituzte, izan ere, Britainia Handia eta Hungaria Europar Batasunaren itun berriaren kontra agertu dira.

Goizaldeko bostetan amaitu da Europako estatuburuen bilera eta itun berriaren inguruan erabateko adostasunik izan ez bada ere, neurri konkretu batzuetan bai. Erreskate funtsa urtebete lehenago indarrean sartzea eta Nazioarteko Diru Funtsari 200.000 milioi euro ematea, adibidez, aho batez onartu dute.

Era berean, nahiko azkar lortu dute aurrekontu diziplinari buruzko ituna ere. Horri esker, "urrezko araua" sartuko da indarrean estatuek BPGren % 0,5etik gorako egitura defizitik izan ez dezaten. Gainera, arau hori konstituzioan edo baliokidea den lege batean sartu beharko dute estatuek.

Baina arau horri eman beharreko izaera juridikoan sortu da zatiketa. David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak finantza zerbitzuen araudian salbuespenak eskatu ditu Erresuma Batuarentzat.

Euroguneko 17 herrialdeek eta beste seik (Bulgaria, Danimarka, Letonia, Lituania, Polonia eta Errumania) bat egin dute itun berriarekin, eta Suediak eta Txekiar Errepublikak Parlamentuari edo Gobernuko koalizioari galdetu nahi diote ituna babestu aurretik.

"Nahiago genuen 27ek adostutakoa"

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak jakinarazi du Euroguneko hamazazpi herrialdeen, eta bat egin nahi dutenen, itun berriak martxorako egina behar duela.

"Nahiago genuen 27ek adostutako akordioa, baina ezinezkoa izan du gure lagun ingelesen jarreragatik", adierazi du Sarkozyk prentsaurreko batean.

Britainiarrek finantzen gaineko arau batzuk kentzea proposatzen zuten, baina Sarkozyren ustez, Europako finantzen "arazoetako batzuk" finantzen desregulazioak eragindakoak dira.

"Erresuma Batuarentzat salbuespena egitea onartzen badugu, finantza zerbitzuak arautzeko lanaren zati handi bat kolokan jarriko dugu", azpimarratu du agintari frantziarrak.

Akordioan, besteak beste, zor publikoa berregituratzeko erakunde pribatuen partehartzea erabat baztertzea agertuko da "argi eta garbi".

Gainera, Eurogunearentzat estatuburuek osatutako gobernu berri bat sortuko da, krisiak irauten duen bitartean hilero bilduko dena eta erabakiak hartzeko nahikoa izango du % 80aren babesa.

Sarkozyren arabera, "ez dago irizpide bakarra krisitik ateratzeko", baina gaur hartutako erabakiak, Alemaniarekin batera egindako proposamenean agertzen direnak, "garrantzitsuak" dira helburua lortzeko.

Hamar orduko bileran, hartu beharreko neurrien izaera juridikoaren inguruko eztabaida "zaila" izan omen dute mandatariek eta eztabaidak aurrera jarraituko du bihar Europako Kontseiluan.

Baldintza "onartezinak" Britainia Handiarentzat

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak esan du euroa indartzeko itun berriaren hainbat baldintza "onartezinak" direla Erresuma Batuarentzat, izan ere, ez da onartu Britainia Handiko finantza sistemarentzat salbuespenak ezartzea.

Itun fiskala

Mario Draghi Europako Banku Zentralaren presidenteak esan du Eurogunearen akordioa berak eskatu zuen "itun fiskaletik nahikoa gertu" dagoela.

Akordioa "garatu eta ezarri egin behar da. Oso emaitza ona da Eurogunearentzat, oso ona. Itun fiskal on batetik gertu dago eta Euroguneko estatu kideek diziplina gehiago izateko oinarria jarriko du. Gainera, egungo egoerari aurre egiten lagunduko du".

"Sinesgarritasuna berreskuratu"

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, bere aldetik, itun fiskala "oso emaitza ona" dela esan du, izan ere, Euroguneko 17 herrialdeek merkatuetan galdua zuten "sinesgarritasuna berreskuratu" ahal izango dute horrela.

"Oso pozik nago kontsulta askoren ondoren emaitza ona lortu dugulako. Batasun fiskal berri bat sortuko dugu euroarentzat eta egonkortasunerako batasuna izango da", adierazi du Merkelek Europako Kontseilutik ateratzean.

Merkelen esanetan, "17 +"en ituna garrantzitsua da, agerian uzten baitu "iraganeko akatsetatik ikasi dugula".

Itun fiskal horren arabera, herrialdeek "urrezko araua" sartu beharko dute Konstituzioan, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak egiaztatuko du. Gainera, zor eta defizit helburuak betetzen ez dituztenek automatikoki jasoko dute isuna eta aurrekontuek Europako Batzordearen onespena izan beharko dute.

200.000 milioi euro Nazioarteko Diru Funtsarentzat

Europar Batasunak 200.000 milioi euro bideratuko ditu Nazioarteko Diru Funtsera erakundearen baliabideak indartzeko eta arazoak dituzten herrialdeei lagundu ahal izateko, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluaren presidenteak iragarri duenez.

"Euroguneko herrialdeek eta beste estatu kide batzuek NDFren esku utziko dituzte 200.000 milioi euro finantza baliabideak indartzeko eta krisiari aurre egiteko", adierazi du Van Rompuyk bileraren ostean emandako prentsaurreko batean.

Era berean, erreskaterako behin behineko funtsa berehala martxan jartzea eta funs iraunkorra 2012ko uztailean indarrean sartzea ere adostu dute.

Eurobonoak negoziatzen jarraituko dute

Europako buruzagiek ez dute lortu akordiorik zor jaulkipen komunak egiteko, hau da, "eurobonoak" egiteko. Izan ere, Alemania kontra agertu da, baina negoziatzen jarraitzea eta ekainerako txosten bat idaztea adostu dute.

Euroguneko herrialdeek Jean-Claude Juncker Eurotaldearen presidenteari, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen buruari eta Van Rompuyri eskatu diete txostena idaztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea