Ekonomia -
Marsellako Goi-bilera
Espainiak Europan erabakitzeko gaitasuna izatea defendatuko du Rajoyk
Mariano Rajoy Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkariarekin bilduko da gaur eta bihar aldebiko batzarrak egingo ditu Angela Merkelekin eta Nicolas Sarkozyrekin.
Erredakzioa
Mariano Rajoy hurrengo Gobernuko presidentea Marsellara joan da gaur hauteskundeen osteko lehenengo nazioarteko bidaian eta Europako Alderdi Popularraren goi-bileran parte hartuko du. Ondoren, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin bilduko da.
Era berean, Gobernuko hurrengo presidentea Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkariarekin bilduko da gaur azken orduan.
Rajoyk berak azpimarratu zuenez, gauza bera esango die Europako buruzagiei: Espainiako ekonomia bideragarria dela, defizit konpromisoa beteko duela, Merkelek eta Sarkozyk proposatzen duten Itun berriaren bitartez zor subiranoaren inguruan dauden zalantzak uxatzeko beharra dagoela eta lehiakortasuna indartzeko erreformak egingo dituela.
Rajoyren proposamena
Antonio Lopez-Isturiz Europako Alderdi Popularraren idazkari nagusiak gaur TVEn adierazi duenez, Espainiak Europan erabakiak hartzeko gaitasuna izatea defendatuko Rajoyk Merkel eta Sarkozyren aurrean.
"Merkatuei eta kalifikazio-agentziei erantzun behar zaie, sendotasunez eta batasunarekin jardun behar dugu Espainia soluzioaren parte izateko berriro, eta horretarako erabakiak hartzen dituzten herrialdeen artean egon behar da Espainia", azaldu du Lopez-Isturizek.
Europako Kontseiluan erabakiak hartuko direla ziur agertu da, bakoitzak bere proposamena babestuko duen arren, gutxiengoetan behintzat ados jartzea posible izango delakoan.
Ostegunean, Rajoy Europako Alderdi Popularreko gobernuburuen eta lehen ministroen goi-bilerara joango da lehenik eta gero Merkel, Sarkozy, Barroso eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin bilduko da.
Marsellakoa Rajoyren nazioarteko lehenengo irteera izango da azaroaren 20ko hauteskundeak irabazi ondoren eta Merkelekin eta Sarkozyrekin telefonoz hitz egin badu ere, Marsellan zuzenean haiekin hitz egiteko aukera izango du.