Ekonomia -
Batzar Nagusiak
Arabako aurrekontuen onarpena 'erraztuko' dio PPri PSEk
"Txeke zuri bat izango ez" dela ohartarazi du Txarli Prieto Arabako PSEren idazkari nagusiak. Hala eta guztiz ere, sozialistak aldeko botoa eman ala abstenituko diren ez du argitu.
Erredakzioa
2012rako PPk egindako aurrekontuen onarpena sozialistek "erraztuko" dutela iragarri du gaur Txarli Prieto Arabako PSEren idazkari nagusiak, baina "txeke zuri bat izango ez" dela ohartarazi du.
Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile sozialistarekin batera agerraldia egin du gaur Prietok. Aurrekontuen tramitazioan PSEk mantenduko duen jarreraren berri eman du idazkari nagusiak.
Aurrekontuak aurrera ateratzea "erraztuko" dutela iragarri du Arabako sozialisten buruzagiak, "erantzukizun politikoagatik", izan ere, herritarrek emandako baliabideak "bideratu behar dira".
Komunikatu batean, erabakiaren berri eman du PSEk, baina sozialistak aldeko botoa eman ala abstenituko diren ez du argitu.
EAJren jarreraren menpe
PPk 16 batzarkide ditu eta PSEk 9. Arabako Batzar Nagusietan, guztira, 51 batzarkide daude. Ondorioz, sozialisten babesarekin edo abstentzioarekin ez da nahikoa izango. Izan ere, Bilduk 11 ordezkari ditu eta EBk 2. Bi talde horiek osoko zuzenketak iragarri dituzte dagoeneko. Guztia EAJren jarreraren menpe geratuko da.
Jeltzaleek 13 batzarkide dituzte. Arabako udalek herri-lanak aurrera eramateko "finantzaketa nahikoa" lortzeko bermea baldin badute EAJ abstenitu egingo dela iragarri dute jeltzaleek.
Bestalde, Gasteizko Udalean eta Arabako Foru Aldundian PPk hartutako norabide politikoa dela-eta "kezka eta etsipena" azaldu du Prietok.