Ekonomia -
MAILEGUAK
Enpresa eta autonomoentzako finantzazio lerroa onartuko du Jaurlaritzak martxoan
500 milioi euroko programa horrek 5.000 euro eta milio bat euro arteko maileguak aurreikusten ditu enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Enpresa txiki eta ertainak, banakako enpresariak eta autonomoak laguntzeko finantzazio lerro berri bat onartuko du Eusko Jaurlaritzak martxoan. 500 milioi euroko programa horren baitan, 5.000 euro eta milio bat euro arteko maileguak jaso ahal izango dituzte.
2020ko planarekin alderatuta, berritasunak daude gabezia aldiari eta amortizazio epeari dagokienez. Bi eta sei urtekoak izango dira, hurrenez hurren, iaz; urtebetekoak eta lau urtekoak ziren.
Eusko Jaurlaritzak Elkargiren bitartez bideratuko ditu maileguak. Gainera, iaz mailegua eskatu zutenei aurtengo baldintzetara egokitzeko aukera eskainiko zaie Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak gaur ekimenaren aurkezpenean azaldu duenez.
Hasteko, 250 milioi euroko finantzazio lerro bat onartuko du gobernu bilerak, eta hortik 500 milioi eurora zabalduko da, beharren arabera.
Programa berri horrek 64 milioi euro inguruko kostua izango du Jaurlaritzarentzat, eta maileguen interesak eta bermeen kostuak estaltzeko erabiliko da. Aurreko urtean, 51,2 milioi euroko kostua izan zuen. Beraz, bi programak batuta, 115,2 milioi euroko kostua eragingo diote Eusko Jaurlaritzari.
Deialdiaren beste berrikuntzetako bat da gutxienez 300 milioi euro bermatzen direla 5.000 eta 25.000 euro arteko maileguetarako, eta azterketa arinagoa egiten zaiela pandemiak gehien zigortutako sektoreetan dauden enpresei eta autonomoei.
Baldintzak
250 langile baino gutxiago dituzten, urteko 50 milioi eurotik beherako negozio bolumena duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik beherakoa duten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago. Gainera, onuradunek ezin dute zuzenean edo zeharka beste enpresa baten edo batzuen % 25eko edo gehiagoko partaidetzarik izan, baldin eta lehen adierazitako baldintzaren bat betetzen ez badute.
Bestalde, Gizarte Segurantzako Norbere Konturako erregimenean edo Autonomo gisa alta emanda dauden banakako enpresariek eta autonomoek eskatu ahalko dituzte maileguak.