Ekonomia -
Euroguneko krisia
Moody´s: 'Krisiak EBko herrialdeen kalifikazioa jarriko du arriskuan'
Kalifikazio agentziak ohartarazi duenez, "euroguneko krisi subiranoaren igoera arinak eta banku-kredituaren krisiak arriskuan jarri dute Europako estatu guztien kaudimena".
Erredakzioa
Moody´s kredituaren kalifikazio agentziak ohartarazi duenez, "eurogunean krisia gero eta larriagoa izateak arriskuan jarriko du Europar Batasuneko herri subiranoen kalifikazioa".
"Euroguneko krisi subiranoaren gorakadak eta banku-kredituaren krisiak arriskuan jarriko dute Europako estatu guztien kaudimena", agentziaren azken txostenaren arabera.
Moody´sen esanetan, merkatuaren baldintzak epe laburrera egonkortzeko neurri politikorik ez egoteak handitu egin du kreditu-arriskua. "Euroguneak izugarrizko indar ekonomiko eta finantzarioa du, baina erakundeen ahulezia krisiari irtenbidea emateko oztopo izaten ari da oraindik, eta horrek eragina du kalifikazioetan", nabarmendu du.
Horren ustez, eurogunea bidegurutze batera hurbiltzen ari da, eta integrazio handiagoa edo banaketa handiagoa eramango du bertatik.
Agentziaren arabera, eurogunean ordainketa asko egin gabe uzteko aukera gaur egun ez da aintzat ez hartzeko modukoa, eta likideziaren krisiak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta handiagoa izango da ez ordaintzeak izateko arriskua.
Gainera, horiek nabarmen handituko dute EBko kide batek ordainketak etetea erabakitzeko aukera, eta baita eurogunea uzteko aukera ere.
"Moody´sen iritzian, irtenbide anitzeko agertoki batek (bestela esanda, eurogunea zatitzeak) eragina izango luke Europar Batasuneko igorle subiranoen kredituan", gaineratu du.
Agentziak ohartarazi duenez, "epe laburrean kreditu-merkatuen baldintzak egonkortzeko neurri politikorik hartu ezean, baliteke euroguneko eta Europar Batasuneko herrialdeetan Moody´sek ezartzen dituen kalifikazioen egitura berrikusi behar izatea".