Ekonomia -
Krisia eurogunean
EBZk berriz esku hartu du, eta arrisku sariak lasaitu egin dira
Ibex 35 % 0,48 igo da. Saio hasieran 525 puntutara iritsi eta gero, Espainiako arrisku saria 441 puntutan kokatu da.
Erredakzioa
Espainiako arrisku saria 441 puntuko mailan kokatu da burtsako saioaren amaieran, besteak beste, Europako Banku Zentralak Espainiako zorra berriro erosi duelako. Atzo 460 puntuko mailan bukatu zuen arrisku sariak.
Espainiako zorraren merkatuak jardunaldi kaotikoa izan du gaur; arrisku sariak gorabehera handiak izan ditu, eta Italiako arrisku sariaren mailatik gora egon da.
Igoera murrizketa tekniko baten ondorio izan dela azaldu ostean, Espainiako arrisku sariaren gaineko presioak behera egin du; horretan Europako Banku Zentralaren erabakiak ere izan du zerikusia; izan ere, EBZk berriz esku hartu du, eta arrisku merkatuak lasaitu egin dira.
Ildo horretan, Ibex 35ek % 0,48 gora egin du eta 8.300 puntuko maila berreskuratu du, Wall Streeten datu onak eta arrisku sariaren beherakada direla eta.
Europako gainerako burtsei begiratuta, Milangoak soilik egin du gora, % 0,14. Londresekoak % 1,11 egin du behera eta Frankfurtekoak % 0,85; Parisekoak, % 0,44, eta Euro Stoxx indizeak % 0,27 galdu dute.
Barrosok eta Cameronek ekintza erabakigarriak eskatu dituzteJose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen presidenteak eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak "ekintza erabakigarriak" eskatu dituzte Eurogunean egonkortasuna lortzeko.
Barrosok eta Cameronek elkarrekin gosaldu dute gaur Europar Batasunaren egoera ekonomiko eta politikoa aztertzeko eta abenduaren 9an Bruselan egingo den goi-bileraz hitz egiteko.
Ez dute adierazpenik egin, baina idatzi bat zabaldu dute eta "Eurogunearen egonkortasuna bermatzeko ekintza erabakigarriak egiteak duen garrantziari lehentasuna ematea" adostu omen dute.
Era berean, "enpleguaren sorkuntzak eta enpresa txiki eta ertainei laguntza emateak" duen garrantzia azpimarratu dute.