Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak 1.000 milioi gastatu zituen pandemian; 500, Estatuko funtsetik
Azpiazuk azaldu du "egoera penagarri hau gainditzen dugunean" erabakiko dutela pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko "faktura" nola ordaindu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Orain arte Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euro bideratu ditu COVID-19aren pandemiari eta horrek ekarritako ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Xahututako diru horren erdia Espainiako Gobernuaren funtsetik jasotakoa zen.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, 338 milioi euroko gastua ekarri du pandemiak Euskadin, baina Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Cadena SER irrati-katean egin dioten elkarrizketan zehaztu du 1.000 milioi gastatu dituztela.
Azpiazuren hitzetan, "egoera penagarri hau gainditzen dugunean" erabakiko dute pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko "faktura" nola ordaindu.
"Faktura horren zer zati ordainduko dute etorkizuneko belaunaldiek eta zer zati oraingook? Zergei buruz hitz egitea da hori, baina oraindik ez da erreforma fiskal bat proposatzeko unea", adierazi du Ogasun sailburuak.
Oposizioari erantzunez, EAJk eta PSE-EEk aspaldi esan zuten ezin zutela oraingoz erreforma fiskal bat planteatu, zerga-sistemaren azken aldaketak izan dituen ondorioak aztertu arte, behintzat.