Ekonomia -

LANGABEZIA

6.287 langabe gutxiago EAEn eta 763 gehiago Nafarroan, urrian

Eusko Jaurlaritzak langabeziaren jaitsiera baloratu du, baina egoera zaila dela ohartarazi du. Nafarroako Gobernuak, berriz, "gazi-gozotzat" jo ditu urriko langabezia datuak.

Datos del paro de octubre. Foto: EITB
Datos del paro de octubre.
Datos del paro de octubre. Foto: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu Zerbitzu Publikoek 6.287 langabe gutxiago zenbatu dituzte urrian EAEn, iraileko datuekin alderatuta; izan ere, Euskadin jaitsi da gehien langabezia, eta 138.471 pertsona daude guztira lanik gabe ( % 4,34 gutxiago). Nafarroan, berriz, aurreko hilabetearekin alderatuta, 763 langabe gehiago zenbatu dituzte, eta, guztira, 38.908 pertsona daude lanik gabe.

Sexua kontutan hartuz, jaitsiera handiena, emakumeen artean gertatu da, 3.254 gutxiago izan baitira. Gizonen artean 3.033 pertsona gutxiago izan dira.

Adinaren arabera, azpimarratzekoa da, adin tarte horretan ohikoa den bezala, 24 urtetik beherako langabeen artean izan dela beherakada handiena, % 10,83 gutxiago eta 1.586 pertsona. Gainerako adin-tarte guztietan murriztu egin da langabeen kopurua, eta, beraz, portaera homogeneoa izan da segmentuen artean.

Nafarroan, berriz, aurreko hilabetearekin alderatuta, 763 langabe gehiago zenbatu dituzte ( % 2), eta guztira 38.908 pertsona daude lanik gabe, Lan Ministerioak asteazken honetan jakitera eman duenez. Urteko datuei erreparatuz gero, langabezia % 22,13 igo da Foru Erkidegoan.

Eusko Jaurlaritzak langabeziaren jaitsiera baloratu du

Espainiako Gizarteratze eta Gizarte Segurantza Ministerioak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera, urtebetean, 2019ko urritik, 23.130 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskadin, otsailean baino % 20,05 gehiago: hau da, pandemia geldiarazteko neurri zorrotzak hartu aurreko azken aldian baino 22.924 pertsona gehiago daude langabezian.

Ekonomiaren eta enpleguaren historian sekula izan den beherakada handiena bizi izan dugu, bai Euskadin, baita Espainiako gainerako lurraldeetan ere. Dena dela, azken hilabeteetako datuek erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoan susperraldi handia izan dela pandemiaren bigarren olatua hedatu aurretik.

Elena Perez Barredo, Enplegu sailburuordearen ustez, datuok pandemiari aurre egiteko erabilitako tresnak erabilgarriak izan direla erakusten dute. "Baina denok dakigu egoera zaila dela eta Gobernuan egiten dugun edozein azterketa zuhurra izango da".

"Datuak oso itxaropentsuak dira, jarduera ekonomikoari ekiten zaionean enplegua azkar berreskuratzen dela erakusten dutelako, nahiz eta gure lan-merkatuaren egiturazko akatsak mantentzen diren: desberdintasuna, langabeziaren kronifikazioa eta behin-behinekotasuna", azaldu du presidenteordeak.

Pandemia geldiarazteko hartu diren neurri berriek lan-merkatuan izango duten eraginari buruzko ziurgabetasuna gorabehera, sailburuordeak langileen prestakuntza enpresen beharretara egokitzeko ekintzak bultzatzeko konpromisoa berretsi du.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, datu gazi-gozoak eman ditu urriak

Nafarroako Gobernuak "gazi-gozotzat" jo ditu langabezia datuak, 763 langabe gehiago zenbatu dituztelako, baina aldi berean 2.546 afiliatu gehiago jaso dituelako Gizarte Segurantzak.

Eskubide Sozialetako Departamentuak zehaztu du datuetako bat txarra dela; bestea, aldiz, ona. Bestalde, gogoraraz du bizi dugun osasun krisiak ez duela batere laguntzen, eta datozen hilabeteetako datuak "pandemiaren bilakaeraren araberakoak" izango direla. Horren aurrean, garrantzia eman die Nafarroako Berrabiarazteko Planean jasotako neurriei.

Edozein modutan, azpimarratu du, 2016ko salbuespena salbuespen, urrian langabeziak datu txarrak eman ohi dituela, eta urte hasierara arte zaila izaten dela datu horiei buelta ematea.

Etxeko konfinamendua "negatiboa" izango litzateke uste du Confebaskek

Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia eta Zerga Saileko kideak adierazi duenez, EAEko langabeziaren azken datuak positiboak dira, eta etxez etxeko konfinamendua ezartzen bada, ondorioak "negatiboak" izango lirateke.

Langabeziaren jaitsiera horrekin batera, afiliazioaren gorakada ere aintzat hartu du, eta, zalantzarik gabe, "albiste ona" dela gaineratu du. Langabezia sektore guztietan jaitsi dela azaldu du, lehen sektorean izan ezik.

Era berean, azpimarratu du langile gutxiago daudela aldi baterako lan-erregulazio espedientearekin iraileko datuekin alderatuta, eta berz, aurreko hilabeteetan baino "erritmo motelagoan" bada ere, oraindik ere "deseskalatzea" dagoela eta "lan-merkatuan pixkanaka sartzen ari direla".

Hala ere, urria "positiboa" izan den arren, "hilabetez hilabete ikusten" joan behar dela esan du, pandemiarekin bizi den egoera eta "oraindik bizitzeko dagoena" kontuan hartuta.

"Krisiaren aurreko mailatik urrun" dagoela uste du ELAk

Urrian Euskadin langabeziak behera egin zuen arren, "krisiaren aurreko mailatik urrun" dagoela adierazi du, bestalde, ELA sindikatuak, eta "ekoizpen eredua aldatu eta baldintza duinak dituzten lanpostuak sortu eta finkatzeko" beste enplegu politika batzuk eskatu ditu.

Sindikatuak azaldu duenez, aurreko hilabeteetan ez bezala, langabeziaren jaitsierak eragina izan du Euskadin, baina ez Nafarroan.

Langabezia gehien jaitsi duen sektorea industria izan da: 856 langabe gutxiago (-% 3,9). Atzetik daude, hurrenez hurren, zerbitzuen sektorea (-% 3,3) eta eraikuntzaren sektorea (-% 2,8). Nekazaritzaren sektorean 571 langabe gehiago daude (+% 12,1).

Industriak eta zerbitzuek bultzatutako datuek "hobera" egin duten arren, sektore horiek otsaileko mailatik urrun jarraitzen dutela adierazi du ELAk.

Estatuan, langabeziak gora egiten jarraitzen du

Estatuko datuei dagokienez, 49.558 langabe gehiago ( % 1,31) zenbatu dituzte, 3.826.043 langabe guztira, eta 2019ko urriko datuekin alderatuta, 648.384 pertsona gehiago daude langabezian ( % 20,40).

Azkenik , hiru autonomia erkidegotan soilik egin du behera langabeziak urrian: Euskadin (-6.287), Valentzian (-3.833) eta Murtzian (-511). Aldiz, Andaluzia (9.506), Kanariak (8.207) eta Katalunia (6.358) daude langabeziaren gorakadaren puntan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa