Ekonomia -
Krisia eurogunean
Dexiaren porrotak dardarka jarri du Europa
Frantziak eta Belgikak Dexia bankua erreskatatuko dute bigarrenez, atzo entitateak Bruselako burtsan dituen akzioak % 33 jaitsi eta gero.
Erredakzioa
Frantziak eta Belgikak Dexia bankua erreskatatuko dute bigarrenez, finantza erakundearen akzioak Bruselako burtsan amildu eta gero. Hain zuzen ere, % 33 jaitsi ziren atzo, "banku on" eta "banku txar" banatan bananduko den zurrumurruen aurrean.
Bi herrialdeek 2008an ere erreskatatu zuten Dexia, baina orain berriz egiteko prest agertu dira. Haien Banku Zentralek ere babesa agertu diote erreskateari, eta bankuaren bezeroen aurrezkiak "ziurtatuta" daudela nabarmendu dute.
Financial Times egunkariaren arabera, bankua bitan banantzea aztertzen ari da: zati bat, osasuntsua, saldu ahal izateko, eta ondoren 'banku txar' bat, Frantziako eta Belgikako gobernuek babestuta, zor guztiak biltzeko.
Dexiaren egoerak eta Greziako krisiak bultzatuta, Europako burtsek 'astearte beltza' izan zuten atzo.
Ibex 35 % 1,54 jaitsi zen; Dax alemaniarra % 2,6; Londreseko Footsie % 2,47 eta Parisko Cac % 2,33.