Ekonomia -
Martxotik itxita
Arcelorrek iraila amaieran zabalduko du berriro Sestaoko ACB
Itxi aurreko ekoizpen berarekin (hilabeteko 40.000 tona) eta langile guztiekin (250) ekingo dio berriro lanari, merkatuan "suspertze zantzuak" atzeman eta gero.
Agentziak | Erredakzioa
Arcelor Mittalek hilabete amaieran zabalduko du berriro Sestaoko ACB. Pandemiak eragindako krisia tarteko, martxoan zarratu zuten Bizkaiko lantegia, eta zazpi hilabete geroago, merkatuan "suspertze zantzuak" atzemanda, berriro irekitzea ebatzi du multinazionalak. Itxi aurreko ekoizpen berarekin —hilabeteko 40.000 tona—, eta langile guztiekin (205 lagun) zabalduko du, gainera.
Arcelorrek Europa Press albiste agentziari azaldu dionez, "merkatu batzuetan" indarberritzen hasi da altzairuaren eskaria, eta hala, Sestaoko altzairutegia berriro zabaltzea erabaki du.
Hori horrela, hilaren 20tik aurrera irekitzeko lanekin hasiko dira. Itxi aurreko ekoizpen mailari eutsiko diote —hilabetean 40.000 tona altzairu egiten—, eta langile guztiekin hasiko dira lanean—aldi baterako lan-erregulazioan daude gehienak gaur-gaurkoz—. Mantenu lanak egiten dituzten behargin gutxi batzuk bakarrik egon dira lanean martxotik.
"Gorabeherarik ez badago, lanean hasiko dira denak", azpimarratu dute multinazionaleko iturriek. Dena dela, ohartarazi dute "ziurgabetasuna" dela nagusi, eta balitekeela "neurri murriztaileak" berriro hartu behar izatea.