Ekonomia -
'Tobin tasa'
Finantza transakzioen tasa ezartzea proposatu du Europako Batzordeak
Europako Batzordearen presidentearen arabera, Europar Batasunak inoiz bizi izan duen krisi larriena da egungoa ekonomikoki, sozialki eta herritarrek buruzagiengan duten konfiantza ezagatik.
Erredakzioa
Europako Batzordeak proposamen bat onartu du Europar Batasuneko finantza transakzioei tasa bat ezartzeko, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Europarlamentuan iragarri duenez.
"Proposamen horrekin Europar Batasuna aitzindari izango da finantza transakzioei tasa bat ezartzen", adierazi du Algirdas Semeta zerga alorreko komisarioak.
Komisarioaren esanetan, proiektua "sendoa" da eta "egin daiteke". Gainera, konfiantza emango die Europar Batasuneko herritarrei, izan ere, espero zutena beteko da: "Finantza sektoreak neurriko laguntza emango du".
"G20ko kideek ere proposamenarekin bat egitea espero dugu", adierazi du agiri batean.
Dena dela, kontuan izan behar da zaila izaten dela zergen inguruko proposamenek Europar Batasunean aurrera egitea, beharrezkoa baita Estatu kideek aho batez onartzea.
Greziak Euroguneko kide izaten "jarraituko du"
Europako Batzordeko presidenteak, bestalde, Greziak Eurogunean jarraituko duela hitz eman du: "Greziak Euroguneko kide izaten jarraituko du".
Barrosok Obamari: "Min egiten didate aholku paternalistek"
Barrosok esan du "minduta" dagoela Barack Obama AEBetako presidenteak Euroguneari emandako "aholku paternalistengatik".
"Mina ematen dit aholku paternalistekin gauzak gaizki egiten ditugula esaten digutenean", adierazi du Barrosok Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian Obamak igandean egin zituen adierazpenen harira.
"Eskerrik asko aholkuengatik, baina nahikoa dugu gure buruarekin", adierazi du Barrosok eta herritarrei "europarra izateagatik harro sentitzeko" deia egin die.
"Ez dugu barkamenik eskatuko Europako sistema demokratikoengatik", adierazi du Barrosok Obamak egindako kritikei erantzunez. Izan ere, AEBetako presidenteak esan zuen erabakiak hartzen direla, "baina ez beharrezko azkartasunarekin".
Inoizko erronka handiena
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan du Europar Batasunak inoizko erronka handienari egin beharko diola aurre krisi ekonomiko eta sozialagatik eta herritarrek buruzagiengan duten konfiantza ezagatik.
"Gure Batasunak historian izan duen erronka handienaren aurrean gaude", adierazi du Europako Parlamentuaren osoko-bilkuran. Dena dela, EBk krisi larriari irtenbidea emateko "beharra eta gaitasuna" dituela esan du.