Ekonomia -
Finantza krisia
Espainiako Bankuak ukatu egin du bankuek diru gehiago behar izatea
Financial Timesek argitaratutako informazioa gezurtatu du hala, bertan europako 16 bankuk, tartean 7 espainiarrek, kapital gehiagoren beharra dutela jaso dute.
Erredakzioa
Espainiako Bankuaren arabera, banku espainiarrek ez dute otsailean onartutako Finantza Sistemaren Erreformaren Dekretuan jasotakoa baino kapitalizazio handiagoa behar.
Hala, Miguel Angel Fernandez Ordoñez buru duen erakundeko hainbat ordezkarik gezurtatu egin dute Financial Times-ek dakarren berria. Egunkarian, uztailean kaudimen proba ozta-ozta gainditu zuten Europako 16 bankuk, tartean 7 espainiarrek, diru gehiagoren beharra dutela argitaratu dute.
Espainiako Bankuko iturrien arabera, "erakunde bakar batek ere ez du kapital gehiago behar" Europako bankuetako agintariek eskatzen duten % 5eko kapital nagusia betetzeko.
Alarma atzo piztu zen, Michel Barnier Europako Barne Merkatuko komisarioak Le Figaro egunkarian egin zioten elkarrizketa batean "banku batzuek Estatuaren laguntza" beharko zutela esan eta gero.
Financial Times-ek gaur dakarrenez, Europako 16 erakunde horietatik 7 espainiarrak dira: Banco Popular, Bankinter, Bankia, Banca Civica, NovacaixaGalicia, Banco Sabadell eta Caixa Ontiyent. Horiek dira, hain zuzen, kaudimen probak justu-justu gainditu zituzten bankuak. Entitate horiek ere gezurtatu dute diru gehiago behar izatea.