Ekonomia -
Lehen seihilekoan
Gizarte-larrialdietarako laguntzen % 41 gastatu dituzte euskal udalek
Dagoeneko 7 milioi euro gastatu dituzte udalek. Gizarte Gaietarako Sailak 17 milioi euroko gastua aurrikusi du aurten.
Erredakzioa
Gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) 7 milioi euro gastatu dituzte EAEko udalek 2011ko lehen seihilekoan. Gizarte Gaietarako Sailak 17 milioi euroko gastua aurrikusi du aurten. Beraz aurrekontuaren % 41 gastatu dute udalek.
Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak bilera egin dute gaur eta datu horiek jakitera eman dituzte, Eusko Jaurlaritzak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.
2012n GLLak banatzeko araudi berri bat osatzeko elkarrizketak hasi dituzte bi erakundeek, iragan maiatzean adostu bezala. Laguntzak hobetzeko eta azkar ordaintzeko neurriak adostu zituzten orduan Eudelek eta Gasteizko Exekutiboak.
Bestalde, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak ezohiko bilera egingo du astearte honetan presidente berria aukeratzeko. Ibone Bengoetxea (EAJ) Bilboko Kultura eta Hezkuntza zinegozia eta Jose Luis Navarro (independentea) Abadiñoko alkatea dira hautagaiak.
Eudelen ezohiko bilera Durangoko Landako Gunean egingo dute goizean. Bozketa egin eta zenbaketa amaituta presidente berriari makila emango diote. Presidente berriaren hitzaldiarekin amaituko da batzarra.