Ekonomia -
Ekonomia
Espainia Europako langabezia tasaren zerrendaren buruan berriro
Espainiako langabezia indizea bi hamarren igo eta % 21,2ra iritsi da uztailean. Gazteen arteko langabezia ere Europako altuena da Espainian, % 46,2koa (ekainean baino bost hamarren gorago).
Erredakzioa
Espainiako langabezia tasa % 21,2ra iritsi da, uztailean bi hamarren igo eta gero, Eurostatek gaur argitaratu dituen datuen arabera.
Europar Batasuneko batez besteko datuak ez dira aldatu eta % 9,5ean jarraitzen du, Eurstaten esanetan. Eurogunean ere aldaketarik gabe, jarraitzen dugu (langabezia tasa % 10ean dago).
Iaz uztailean langabezia tasa % 9,7koa izan zen Europan eta % 10,2koa Eurogunean. Espainian berriz, % 20,3koa.
2011ko uztailean Europar Batasunean 22,7 milioi langabe zeuden; 15,7 milioi Eurogunean. Azken hilabetean baino 18.000 langabe gehiago Europar Batasunean eta 61.000 gehiago moneta bakarra duten herrietan.
Azken hamabi hilabeteetan, Batasunean 451.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eta 247.000 gutxiago Eurogunean.
Espainiaren atzetik, langabeziaren tasa handiena Letonian (% 16,2) eta Lituanian (% 15,5) dago. Hala ere datu horiek 2011ko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkie hurrenez hurren.
Austriak du herrialde estatu kideen artean langabezia txikiena, % 3,7. Jarraian Holanda (% 4,3) eta Luxenburgo (% 4,6) daude.
Alemanian, Batasuneko ekonomiarik garrantzitsuenean, langabezia berdin mantendu da % 6,1ean. Frantzian, berriz, hamarren bat igo da eta % 9,9an dago.
2010eko uztailarekin alderatuta, langabezia jaitsi egin da Batasuneko kide diren 16 herrialdeetan, eta igo egin da 11tan.
Urte arteko jaitsiera adierazgarrienen artean, Estonia aipatu behar da (% 17,9tik % 12,8ra 2010 eta 2011ko bigarren hiruhilekoen artean). Letonian % 19,9tik % 16,2ra jaitsi da 2010 eta 2011ko lehen hiruhilekoen artean, eta Lituanian % 18,2tik % 15,6ra 2010 eta 2011ko bigarren hiruhilekoen artean. Igoera esanguratsuenetan Grezia (% 11tik % 15era igo da 2010 eta 2011ko lehen hiruhilekotan), baita Bulgaria (% 10etik % 11,5era) eta Eslovenia ere (% 7,2tik % 8,4ra) aipatu behar dira.
Bestalde, Eurogunean, gizonezkoen langabeziak lau hamarren egin du behera urtez urteko datuen arabera eta % 9,6raino. Europar Batasunean ,berriz, hiru hamarren jaitsi da % 9,3raino. Emakumezkoen langabezia berdin mantendu da Eurogunean (% 10,4) eta Batasunean (% 9,7). 25 urtetik beherakoen artean langabezia berdin (% 20,5) mantendu da aurreko hilarekin alderatuta estatu kideen artean. Europar Batasunean hamarren bat jaitsi da eta % 20,7n dago uneotan. 2010ean gazteen arteko langabezia % 20,9n zegoen bi zonatan, bai Batasunean, bai Eurogunean ere. Espainiak, % 46,2ko tasarekin du berriz ere indize altuena (uztailean baino bost hamarren gehiago). Jarraian Grezia (% 38,5 urteko lehen hiruhilekoan), Eslovakia (% 32,9) eta Lituania (% 33,1 2011ko bigarren hiruhilekoan). Tasarik txikienak Holandan (% 7,5), Austrian (% 7,8) eta Alemanian (% 9,5) dituzte.
Uztailean hamarren bat jaitsi da langabezia tasa Ameriketako Estatu Batuetan % 9,1eraino. Japoniakoa, berriz, igo egin zen eta % 4,6n dago ekaineko datuen arabera.