Ekonomia -
Ministroen kontseilua
Gobernuak enplegu-neurriak onartu ditu, fiskalak alde batera utzita
Formazio-kontratuaren gutxienezko iraupena urtebetekoa izango da eta gehienezkoa bi urtekoa. "Behin behineko enplegu bat langabe bat baino hobea da" esan du Valeriano Gomez ministroak.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak enplegu-neurrien Errege-Lege Dekretua onartu du. Onartutako neurri berrien artean, behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik sinatzeko debekua bi urtez etetea, prestaziorik gabeko langabeentzako 400 euroko laguntzaren luzapena eta kualifikaziorik gabeko gazteentzako formakunzta kontratu berria daude, besteak beste.
Hasiera batean, formakuntza kontratu horren luzapena bi urtekoa izan behar zuen, hirugarren batera luzatzeko aukerarekin, Gobernuak gutxienez urtebeteko luzapena eta gehienez bi urtekoa izatea erabaki du, urtebetez luzatzeko aukerarekin, formakuntza-prozesuak hala eskatzen badu.
Azkenik, eta aurreikusitakoari entzungor eginda, Exekutiboak ez du fiskalitatearen alorrean aldaketarik adostu, Jose Blanco Sustapen ministroak eta Gobernuko bozeramaileak azaldutakoaren arabera.
"Behin-behineko enplegua langabezia baino hobea da"
Valeriano Gomez Lan eta Immigrazio ministroak onartutakoaren araberam Gobernuak nahiago du jendeak behin-behineko kontratua izatea, langabe egotea baino.
Hori izan da, hain zuzen, behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik sinatzeko debekua bi urtetan eteteko arrazoietako bat. Neurri horrek haserre handia sortu du sindikatuen artean.
Sindikatuen kritikak
UGT sindikatuarentzat, Gobernuak onartutako neurriak "oso negatiboak" dira lan baldintzak okertzen dituelako eta errekuperazio ekonomikoari laguntzen ez diolako.
CCOOk, berriz, neurriak "eraginik gabekoak, zehaztu gabekoak eta bat-batean erabakitakoak" direla esan du. Gainera, elkarrizketa sozialari kalte egiten diote eta hizketakideenganako "errespetu falta" islatzen dute.